Irati JIMENEZ Idazlea
Gasolindegiak
Abertzaleak diren euskaldun gehiago ezagutzen ditut beren buruari nacionalista esaten dioten espainiarrak baino. Hala ere, ez dago euskal abertzaletasunik espainiar nazionalismoari itzal egingo dionik. Espainiako errepide hustuetan sentitu dut hori, beste behin ere, uda honetan. Baina, bereziki, Espainiako gasolindegietan, errepide bazterretako geldiuneetan. Metalezko aulkiak, kamioizaleentzako dutxak, kafe merke eta errea, «Telediario»-aren soinua, giltzez lotutako musika apala, eta beti, nonbait, haien bandera. Bada Espainia bat, gasolindegietan baino ikusten ez dena eta Europako diruarekin ordaindutako autobide hustu eta erraldoietan. Espainia horretan jarri zidaten berriki «bienvenido» ohikoaz gain «ongi etorri» zioen paperezko mahaia-zapia eta jabeak masoia behar zuela pentsatu nuen.
Aitortzen dut niretzat baduela poetika bat gasolina usaina darion Espainia erre eta harro horrek. Gaztelaren lehortasunean Machado dago, kanpandorrea baino mantentzen ez duten herriak Buñuelenak dira eta ezerezari omen egiten dioten eraikuntza hustuak Valle-Inclani arrazoia ematera datoz. Espainiak, autoaren ispilutik begiratuta, Europaren ondoeza erakusten du. Galera historiko bezala ulertzen bada, odolbilduaren edertasun esperpentikoa dario.
Nahiko nuke egunen batean poetika horrek batere ondoezik ez eragitea, edo amorrurik, edo negargurarik. Horretarako, ostera, Espainiak utzi egin beharko lioke Goyak marraztu zuen Saturno krudela izateari. Seme-alabatzat aldarrikatzen gaitu bere legeetan euskaldunak, burua gorputzetik atera eta astiro-astiro jaten gaituen bitartean.