GARA > Idatzia > Kultura

«Baigorriko haritza»-ri azken agurra eta omenaldia egin diote sorterrian

Sorterriko eliza beterik zela eman zioten atzo azken agurra Jean Haritschelharri, joan den igandean 90 urterekin zendu zen euskaltzainburu ohiari. Ordubete eta erdiz iraun zuen kantu eta predikuak tartekatuz euskaraz eman zen mezak. Euskal Herriko arlo askotariko ordezkariak bildu ziren bertan. Euskalgintzako gizarte eragile askorekin batera, artista ugari ikusi zen. Horiekin batera, alderdi politikoetako eta instituzioetako ordezkariak ere hurbildu ziren Baigorrira.

p044_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIGORRI

Baigorriko eliza Euskal Herriko kulturako, elkarteetako zein politikaren arloko ordezkaritza zabal baten bilgune bilakatu zen atzo, Jean Haritschelhar euskaltzalea, politikaria eta euskaltzainburu ohiaren aldeko hileta elizkizunean. Hilobia arratsaldeko lauretan elizara iritsi bezain laster, gaita joleen doinuak lagun, apezak eman zion hasiera zeremoniari.

Bankuetan jarririk edo elizako bazterretako hormetan kokatuak ziren estaietan zutik, bertan bildutako jendetzak Haritschelharrek Euskal Herriko eremu zabalean izandako eragina agerian jarri zuen. Xarles Videgain euskaltzainak mezaren erdian euskaltzainburu ohiaren bizia aipatzeko esan zuen bezala: «Erori da Baigorriko haritza, Euskal Herriak seme handia galdu du».

Euskaltzaindiko ordezkaritza zabalarekin batera, EAEko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, Cristina Uriarte Hezkuntza eta Kultura sailburua eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordea egon ziren. Eta, beraiekin batera, Jean-Jacques Lasserre senatari zentrista, Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoko burua eta Jean Rene Etxegarai Baionako hautetsia ere bertaratu ziren.

Kulturaren mundutik, berriz, arlo anitzetako artistak hurbildu ziren Baigorrira. Herriko Erramun Martikorena kantaria zegoen horien artean, baita Andde Duhalde, Niko Etxart, Irkus Robles, Bernardo Atxaga, Natxo de Felipe, Xabier Eguzkitze, Laura Mintegi idazle eta EH Bilduko parlamentaria, Sebastian Lizaso edo Zigor eskultorea ere, besteak beste.

Euskalgintzan Ipar Euskal Herriarentzat Jean Haritschelharrek izan duen eraginaren lekuko izan zen ere hurbildu ziren elkarte eta egituretako ordezkaritza zabala, hala nola han izan ziren Paxkal Indo Seaskako lehendakaria, Pantxoa Etxegoin Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria, Aines Dufau Ikas pedagogia zerbitzuko zuzendaria, Jakes Bortairu AEK-ko koordinatzailea eta Michel Berhokoirigoin Laborantza Ganberako burua.

Azkenik, PSE-EEko, PP Alderdi Popularreko eta EAJko ordezkariak ere ikusi ziren bertan.

Oroitzapenak aipatzeko unea

Predikuak eta euskal erlijio kantuak tartekatu ziren ordubete eta erdiz iraun zuen zeremonian. Bukatzear zegoela, Jean-Louis Hariñordoki Laka, Michel Aire, Xabier Euzkitze eta Sebastian Lizasok bertsoak abestu zituzten banan-bana. Eta ondotik, aurreskuarekin eta «Agur jaunak!» abestiarekin bukatu zen meza. Bukatzerakoan, Jean Jacques Lasserre senatariak azaldu zuen: «Euskal Herriak Haritschelharri dion ezagupenaren lekukotasuna ikusi dut, eta izandako engaiamenduari eskerra».

Meza ondorengo agurrak baliatu zituzten bertan zeudenek Haritschelharrez zituzten oroitzapenak trukatzeko. Jesus Egigurenek Haritschelhar «laguna, gizona eta politikaria» ezagutu zuela esan zuen. Elkarrekin izandako eztabaidetan zenbait gauza ulertarazi zizkiola ere aitortu zuen.

«Gauza bat identitatea zela eta beste bat nazionalitatea zela zioen. Nazio bat nahi zuela Euskal Herria izatea zioen, baina identitatea berriz frantsesa zuela. Korapilo hori askatzerakoan lortuko genuela esan zidan», gogoratu zuen. Andde Duhaldek, «egin duzunagatik eta egin duzunarentzat milesker», esan zion, berriz. Eta Pantxoa Etxegoinek, Haritschelharrekin izandako eztabaida «liluragarriak» gogoratu zituen. «Memoria handiko gizona zen».

HITZALDIAK

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Bakartxo Tejeriak hitza hartu zuten zeremoniari amaiera emateko. Tejeriak, Haritschelhar «gure artean geratzen» dela adierazi zuen, eta hark egindako lanari «jarraipena eman behar» zaiola gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo