Protestetan zauritu zituzten Lurra eta Etxebizitza taldeko kideek salaketa jarriko dute
Joan den ostiralean Donibane Lohizunen izandako manifestaldian gertatutako istiluetan bi lagun atxilotu eta hiru zauritu zituzten, horietako bi adingabeak. Horien gurasoek salaketa jarriko dute.GARA | DONIBANE LOHIZUNE
Kazeta.info webguneak aditzera eman zuenez, joan den ostiralean Lurra eta Etxebizitzaren Aldeko Kolektiboak egun osoko ekimena egin zuen Donibane Lohizunen. Goizean goi mailako etxeak saltzen dituen higiezinen agentzia bat okupatu eta itxiaraztea lortu zuten. Horren ondorioz hiriko beste 18 agentzia ixtea ere lortu zutela adierazi zuten kolektiboko kideek.
Arratsaldean, manifestaldia egin ondoren, Polizia militanteengana bortizki hurbildu zen eta, liskar horien ondorioz, hiru lagun zauritu ziren eta beste bi atxilotu zituzten. Bi atxilotuak atzo deitu zituzten bertako polizia etxera, bata goizean eta bestea arratsaldean. Bi atxilotuetatik bat doilorkeriaz jokatzeagatik salatu dute da eta, eta besteari, delitu horretaz gain, matxinatu izana gehitu dio Poliziak.
Dei horiei erantzuteko, bi elkarretaratzea egin zituen etxebizitza duinaren aldeko kolektiboak, eta goizekoan 40 lagun elkartu ziren.
Goizean deitua izan zen gazteari Donibane Lohizuneko Herriko Etxeari isun bat ordaindu behar diola adierazi zioten, baina inolako jakinarazpen ofizialik eman gabe. Bi atxilotuen isunak batuta 600 euro ordaindu beharko dituzte.
Bi zauritu, adingabeak
Aldi berean, zaurituak izan ziren bi gazteak adingabeak direla azaldu zuten kolektiboko kideek, eta horien gurasoek erasoagatik salaketa ezartzeko asmoa dutela. Zauritutako hirugarren gazteak 19 urte ditu eta berak ere salaketa jarriko duela jakinarazi zuen.
Bide horretatik, irailaren 21ean bertze ekimen bat egingo dutela jakinarazi zuten Lurra Eta Etxebizitzako kideek. Ekimenaren, eta, oro har, gertatutakoaren gaineko xehetasunak azaltzeko, prentsaurrekoa deitu dute gaurko, goizeko 09.00etarako, Donibane Lohizuneko Luis XIV.a plazan.
EH Bai koalizio abertzaleak ere deiarekin bat egiten duela adierazi zuen atzo. Era berean, gogor salatu zuten Poliziak manifestaldian izandako jarrera.
Etxebizitzaren aldeko kolektiboko kide Xabier Tubal Abrisketak, bestalde, liskarren inguruan bere irakurketa egin zuen. Adierazi zuenez, higiezinen agentzietan burututako okupazioekin «puntu sentikor bat ukitu dugula argi geratu da. Ez zaie batere gustatu, eta hori dela eta, zigortu egin nahi izan gaituzte errepresioa baliatuta».