«Igandean berriz ere saiatuko gara banderaren bila»
Hondarribiko prestatzailea
Mikel Orbañanos (Orio, 1973) bere hamabigarren denboraldia betetzen ari da Hondarribian. Arraunlari eta entrenatzaile moduan horrenbeste urtean jardun eta gero, aurtengo udan tostetan ez egotea erabaki du, bere prestatzaile lanetan erabat zentratu ahal izateko. Denboraldi hasieran erregulartasun apur bat falta izan arren, taldea ezin hobeto iritsi da irailera, eta igandean Hondarribiari bere historiako hamaikagarren Kontxako Bandera eskaintzen saiatuko da. Emaitza edozein dela ere, egindako lanarekin pozik amaitu nahi du.
Asier AIESTARAN
Ideiak garbi, igandeari buruzko galderak motz eta zehatz erantzun dizkigu Orbañanosek. Hondarribian eman eta jaso duenaz galdetuta, luzeago aritu da, arraun elkarte horri dion maitasunaren erakusgarri.
Gero eta gutxiago falta da bigarren jardunaldia iristeko. Zer moduz doa astea orain arte?
Astea ongi doa. Lehen jardunaldirako helburutzat bigarrenera bizirik iristea jarri genuen. Hori lortu genuen eta orain bigarren igandean gure ehuneko ehuna eman nahi dugu. Estropada ona egin eta aurkariei garaipena ahalik eta zailena jarri.
Askotan komentatzen duzue Kontxako aste hau luze samarra egiten dela. Nabaritzen al da urduritasunik taldean?
Ez. Nahiko ongi daramagu dena. Gainera, egia esan, astelehenean pixka bat ibili ginen, eta atzo [asteartea] jai egin genuen. Gaur [asteazkena] hasiko gara berriro lanean, pilak kargatuta. Oraingoz behintzat ongi daramagu.
Bandera hiru segundora daukazue, hain gertu eta hain urrun aldi berean.
Banderaren lehian gaude, bai. Egia da lehia horretan gauden taldeak denboraldi osoan oso parekatuta ibili garen taldeak garela, eta horrek esan nahi du banderaren joko hori oso irekia izango dela. Baina abestiak dioen bezala, datorren igandean berriz ere saiatuko gara banderaren bila.
Zer mezu saiatuko zara mutilei transmititzen egun hauetan?
Guk ongi egiten dakigun hori ahalik eta ondoen egiten saiatzea. Lanean jarraitu, fedea eduki eta ehuneko ehunean horrekin asmatzea.
Erreferentzia ona izan daiteke aurreko igandean egin zenuten estropada bikaina. Horrelako beste bat eginda ez zarete oso urrun ibiliko.
Hala da, bai. Gure helburua hori izango da eta hori lortzen baldin badugu hortxe ibiliko gara.
Oraindik dezente falta da, pronostikoa aldatu daiteke, baina badirudi olatu pixka bat sartuko dela igandean.
Hala dirudi bai, baina gero ikusi egin behar. Eguraldi hauekin, bero hauekin eta trumoi giro honekin, pronostikoak egun batetik bestera asko aldatu daitezke. Euria ere markatzen dute. Larunbatean, edo igandean bertan, ikusi beharko da zer eguraldirekin topatzen garen.
Igandekoak dena aldatu dezake, baina azken emaitza hori alde batera utzita, zer balantze egiten duzue denboraldiaz?
Pozik gaude. Ligako hasiera horretan pentsatzen genuen aurreko taldeekin lehian gehiago ibiliko ginela, eta une horretan gauza dexente pilatu zitzaizkigun. Agian gu geu ere ez ginen horren ongi sentitu aurreneko estropada horietan, zorteak ere ez zigun gehiegi lagundu, eta hasiera horretan ohorezko txandatik kanpo gelditu ginen. Liga lehiatu nahi baldin baduzu estropada orotan ohorezko txandan egon beharra daukazu.
Baina hori horrela izanda ere, eta gainera aurkariek maila oso ona erakutsi dutela kontuan izanda, burua hotz mantentzen jakin genuen eta fedea izan dugu ongi egiten ditugun gauzekin. Pazientzia horrekin, bagenekien Hondarribiaren onena iristeko zegoela, eta beti amesten Kontxan ahalik eta maila onena emateko. Gaur egun Liga bat lehiatzeko iruditzen zait oraindik eta talde handiago bat behar duzula, eta uste dut burua galdu gabe oso lan ona egin dugula aurtengo udan, Ligan bi garaipen ere lortuta. Hori gauza handia da guretzat, eta Kontxako Banderara nola iritsi garen ikusita, nahiz eta oraindik ez den amaitu, uste dut denboraldi bikaina egingo dugula.
Liga irabazteko lehian egon ez diren taldeak Kontxara freskoago iritsi direla esan da. Zuen aldetik hori planifikatua izan al da?
Planifikatua izan da, bai, baina horrek ez du esan nahi Liga hasieratik gu estropada bakoitzean ehuneko ehunera irten ez garenik. Gu beste urteetan bezala dena ematera joan gara. Baina egia da uda pasa ahala hobeto sentitzen joan garela, eta horrek margen txiki bat ematen dizu Kontxara hobeto iristeko. Baina hori kalkulatzea oso zaila da, arraun munduan askotan matematikak ez du ezertako balio.
Jada bigarren urtea ia traineruan batere sartu gabe. Zer moduz daramazu lehorrean gelditze hori?
Azkenaldian nire arraun bizitzan hartu dudan erabaki onena izan da. Iaz jada pentsatuta neukan gero eta estropada gutxiago jokatzea, eta nire helburua zen traineruak nire baja ahalik eta gutxien nabaritzea. Iruditzen zait hori oso ongi lortu dugula denon artean. Bai arraunlariak ni bertan egon gabe estropada onak egitera ohituz, eta bai ni ere kanpotik nire lana behar bezala egiten. Eta aurten berriz, 40 urte betetzen nituen egunean, Orioko Jaitsiera ospatzen zen egunean, erabaki nuen nire azkeneko estropada izatea traineru barruan. Alde horretatik, oso gustura. Nire urtebetetzea, Orion, horrenbeste aurkari bertan bilduta... Oso egun polita izan zen, eta geroztik oso pozik nago kanpotik egin dudan lanarekin eta arraunlariek barruan lortutako emaitzekin.
Kuriosoa iruditu zait zuk horren ongi ezagutzen duzun Jon Salsamendi ere aurten oso gutxitan sartu dela traineruan. Gazteei paso eman behar zaiela, ezta?
Nik ere horregatik egin nuen, gazteei pasoa eman behar zaielako. Badakigu gure adinean ere oraindik gai garela beraien artean jarraitzeko, ongi entrenatzen dugulako eta fisikoki ongi sentitzen garelako, baina entrenatzaile lanetan gauzak askotan pilatu egiten zaizkizu, eta egoera desberdinak hobeto irakurtzen dituzu kanpoan egonda. Barruan beste presio bat daukazu zerorrek ere fisikoki ongi egon behar duzulako eta astebururo badakizulako zer paliza hartu behar dituzun. Gu ez gara erdizka aritzeko arraunlariak, ez Jon eta ez ni, eta gustatzen zaigu barruan joan behar baldin bada ehuneko ehunean egotea.
Hondarribian urte mordo bat jada. Familia handi bat zarete.
Jende oso onarekin aurkitu nintzen Hondarribian eta denborak erakutsi dit bai nik eta bai beraiek feeling oso ona izan dugula. Alde horretatik oso pozik. Ni nekiena erakustera joan nintzen, uste dut hori lortu dudala, nahiz eta egunero egunero gauza berriak ikasi eta irakatsi. Hondarribiko Arraun Elkartea eta bere jarraitzaileak oso harro egon daitezke urte hauetan lortutako garaipen denak legedia barruan lortu ditugulako.