GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

«Via Catalana»: Diadaren erronka monumentala

Kataluniako gizartearen konpromiso eta heldutasun demokratikoaren akuilu den Kataluniako Asanblada Nazionalak (ANC) atzo aurkeztu zituen aurtengo Diada egunean iparraldetik Ebroko lurretaraino, printzerri osoa lotuko duen giza katea. Independentziarako «Via Catalana» izendatu dutena. Mobilizazio erraldoia espero da, nazioarteko oihartzun ikusgarria, hogeita hamar mila boluntario, ehunka mila parte hartzaile jada izena emanda... monumentala izango dela dirudi, aurtengo Onze de Setembre delakoa zinez kolosala dator. Dena den, jendetzaren aurreikuspenak eta ondorio politikoak gorabehera, badira jada mobilizazio herritar erraldoi honek utzi dituen irakaspenak. Gizartearen bultzadak alderdi politikoak -eta ez soilik unionistak- nola gainditu dituen ikustea. Batzuk erosoago eta besteak guztiz deseroso, baina denak utzi ditu nora ezean, errealitate paralelo bat bizi duten sentsazioarekin.

Aurtengo ikasturte politikoa, segur aski, Kataluniako historian izandako erabakigarriena izango da. Bai ala ez, kale edo bale definitiboki egingo da. Gizartearen bultzadari segituz, eskatzekoa litzateke alderdiek aurrera pauso bat ematea, iazkoa baino sendoagoa, gainera. Desiragarria eta gauzagarria da. Alderdiek ezin izango diote erretratatuak izateari muzin egin. Hobe lukete, bai, txikikeria eta txotxolokeria oro alboratuz, gizarteak erakutsi duen neurrira iritsiko balira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo