5Gora zigiluarekin, autogestioaren bideari ekingo dio Esne Beltzak
GARA | DONOSTIA
Azaroaren erdialdera kaleratuko du Esne Beltzak bere laugarren diskoa izango dena, eta ibilbide berri bati ekingo dio berarekin. Izan ere, autoekoizpenaren bidetik joko dute aurrerantzean eta 5Gora zigilu berriarekin argitaratuko duten lehena izango da.
«Autoekoizpen bat denez, oso garrantzitsua izango da proiektu hau», azaldu zuen Xabier Solanok, atzo euren webgunean argitaratutako bideo baten bitartez. 5Gora zigiluarekin «nahi duguna da, Euskal Herritik mundura begira, bozgorailu horrekin atera eta mundutik Euskal Herrira ere bai», gaineratu zuen.
Modu honetan, sare bat josi nahi dute Euskal Herritik kanpoko taldeekin, kultura ezberdinekin, eurekin elkarlana bultzatuz, betiere modu autogestionatu batean. Lagun horien artean izango dira, esaterako, La Pegatina kataluniarrak. Zigiluak, Esne Beltzaz gain, Patxuko Nice-ren lanak emango ditu argitara eta aurrerago, baita euskarri ezberdinetako sorkuntzak ere.
Esne Beltza, urrian estudiora sartu aurretik, kantuen azken ukituekin ari dira lanean. Musikalki «oso berritzailea» izango dela iragarri zuen Solanok, eta kolaborazioak ere ugariak izango dira, Bardoze, Ereñotzu, Bartzelona, Los Angeles, Buenos Aires, Mexiko, Tokio, Londres eta Berlineko lagunek parte hartuko dute, besteak beste.
Honen guztiaren berri taldearen web orrialdean, www.esnebeltza.info, eta sare sozialetan emanez joango dira, Esne Beltzak grabazio estudioan gertatzen dena jarraitu nahi duenarentzat bideo, argazki eta aipamenezko leihoa irekiko baitu.