Pello ZABALA Eguraldian aditua
Noiz arte deu giro on hau, Pello?
Laster omen zetorrek kanbixua! Bederatziurrena dugu iraileko lehen egunetako mamia Arantzazun. Datorren astelehenean Ama Birjina Arantzazukoaren egun handia. Hemengo egoera lasai eta patxadakoan, sugandilak bakarrik ez, bedaratziurrendar edadekoak ere, goizean goiz hor ditugu eguzki goxotan. Noski, bazkalondoko eta arratseko egonaldiak, kerizpea edo paopea nahi... Giroaren solasean doakigu ordu pare bat edo beste. Solasaren giroa da estimatuena.
Esan gabe doa, lagun kuadrillatxoa eseri eta solasean itsasten garenean, niri hitzik ateratzeko, eguraldiaren gorabeheren amua dugula, ia arratsaldero, tertulia mami oparoa. Honelako (hau halaxe izana da eta) eta antzerako galde-erantzun korapilatuak izan ohi ditugu. Atzo bertan...
A.: Egia al da, Pello, trumoia datorrela?
R.: Zeini entzun diok?
M.: Txorakeri galantak botatzeittue ba...
A.: Utziok txanda erantzuteko re...
Eta ni, halako batean...
- Baina, nori erantzun behar diot. Aldaketatxoren bat datorrela, bai, egia da...
R.: Aldaketatxoa besteik ez...?
- Eguraldi bakeoso garbi goiz epel eta arrats bero horiek bai, nahastuxeagoan lehertuko dira. Zenbateko ekaitzak? Eta non lehertuko diren? Hori beti da zaila...
M.: Pello, eta ze txorakeria esateittue haizeak iparrera egingo duelaka? Hegoak ere ez al du ba iparrera egiten?
A.: Hori, hori... aurrena parre egiten genion baina, orain nazka re emateue, goizero ta eguerdiro, «arratsaldean haizeak ipar-mendebalera egingo du», txolina baino txolinago esan ta esan...
- Bai. Baserritarrak ez daki 'haizeak iparrera egitearen' berri. Haizea nondik dabilen da, harena adierazteko bidea. Gaur hegotik dabil, napar ahula dabil, frantziparra, iparra, itxasokoa, hegoa... baina, dabil. Edo nondik jotzen duen: haizeak, indartsuxeagoa denean, jo egiten baitu, iparretik edo hegotik, baina jo.
R.: Ta nundik atera due «haizeak iparrera egingo duelako» hori. Atzo ta gaur ee, hegoa ez al zen iparrera egiten ari?
- Bai, arrazoia duzue. Hori, erdarakada da: el viento rolará al noroeste. Eta 'rolará' haruntza 'egingo' duela itzuli dute.
A.: Gaizki, oso gaizki. Horregatik ematen dio baserritarrai belarrixkiñeko miña.
R.: Atximur egiten ziok horrek bati, motel...
M.: Ta, Pello, egie al da, aurtengo uda eder hau, erleei begira asmatu zenuela?
- Baserriko unibertsitatean ikasi nian nik. Hango unibertsitario txintxoak erleak eta aziendak bezala, haien ingurukoak dittuk.
A.: Ordun, zientifikoek baino gehio dakite erleek eta mandeuliek...?
Barre algara batean amaitu genuen, ordurako kuadrilla hazi samarra inguratua baikenuen, eta... hala zioen batek:
- Beatziurrena fedeari buruz ari gaituk eta, giroarekin ere fedea probatzen dela hemen e...!!