Josu Gotzon Landeta Irakaslea
Bilboko legearen miseria
Miseria ustez herritarron babesle diren indarrengan ikusi dut, eta afrikarrek bere apalean gure eskola umeontzat eredugarria den gizatasuna erakutsi dute, probokazioei erantzunik eman barik
Afrikatik etorri ziren Bilboko kaleetara, bertan zigortzen zituen miseriatik ihes egiteko. Jaio ziren herrian seme-alabak gosez hiltzen zitzaizkien, eta bizitzaren malkarretan aurrera egin guran Iparraldeko paradisura alde egitea deliberatu zuten, eurek maite dituzten senide guztiak urrun uzteak dakarren mina bihotzean. Bidean izango zituzten trabak, ostera, ez ziren makalak izango. Bidaia sano aurreraturik, Europako aberatsen jendarme papera egiten duen Marokotik eta Gibraltarreko itsaso-harresitik igarotzea heriotzarekin ordain zezaketen. Edozelan ere gizaseme hauek ataka horietan bizirik suertatu ziren, patuaren loterian sarituak izan dira. Europako eremu aberatsera iritsi dira, eta berton aurrera egiteko aukera izan lezakete.
Horra hor Bilbo, Europako hego-mendebaldean kokaturik, behin industri hiria izandakoa gaur zerbitzu eta turismo hiri bihurturik, hori dena Paris, Londres eta inguruko beste hiri handien eredu babiloniarrak kopiaturik. Hiriburura datorren bisitariak paradisu garbi eta dotore batean sartzen dela sentitu behar du (hori iradokitzen du hiriari buruzko publizitate makillatuak), baina halabeharrez heldutako bisitari dohakabe horiek ez dute euren lekua topatzen. Abuztuan, Aste Nagusiko jaiek dakarten jende emariagatik aukera izan lezakete Bilboko Areatza parkean zenbait produktu saldurik duintasun apur bat izateko, euren herrietan sekula izan ez duten etorkizun bat amesteaz gainera arnas apur bat ere egiteko. Izan ere, Europako demokraziak aukera berak ematen dizkigu denoi, hori abesten zuten behintzat euren sorlekutik sumatzen zituzten urrutiko intxaurrek. Ildo horretan instituzioetatik hainbatetan aldarrikatzen den integrazioak ahalbidera lezake hori, sikiera horretarako esperantza izpi bat badute.
Jaietan gehienontzako eremu oparoa da Areatza. Jaiek Bilbo kolore ugariz margotzen dute, gutxienez hala gura genuke inguruotara hurbiltzen garen kaletar xumeok. Alabaina injustiziaren grisa itzarturik, arratsalde erdiko orduetan hara non datozen gizon armatu gotorren patruilak, lau hankako txakur eta guzti, afrikarren bizibidea den kaleko salmenta zapuztu guran. Oraingoan, ostera, ez dira mugako poliziak, ez eta estutuko segurtasun indar bateko kideak ere. Oraingoan Bilboko herritarren Polizia da inguratu dena, ezaugarritzat izan behar luketen herritartasun irudiaren partez pistolek eta porrek ematen dieten korsu patentea agerian, dena goiko politikari eta epaitegi gotorragoek babesturik. Halako batean herritar sumindu bat hurbildu da txakurra daraman polizia bikotearengana, bidegabekeria hori salatzeaz gainera eurek duten jokabide faxista eta harroputza ere deitoratu guran. Egia garratza ei da, eta herritarrari mehatxu gisa gizon armatuek babestzat duten epaitegi faltsuen indarra jaurti diote, harropuzkeria deitoratzeko enpeinuan jarraituz gero, zigorra jaso dezakeela gogoratuz.
Arrastiko seiak dira eta, Bilbok oparotasunaren kolorea galdurik polizia horiek Areatzak behinola zuen izaerarekin jantzi dute, eremu idor eta antzuaren jantzi grisarekin alegia. Baten batek poliziek beren lana betetzen dutela eta erasoetatik babesten gaituztela bota liezaguke, beste erremediorik ez dutela eta. Alabaina, nork babestuko gaitu aberatsek ezarritako sistemaren jagoleen amorrutik? Zein indarrak galga lezake etorkin xumeek pairatzen duten zapalkuntza ankerra? Herri zaintzak aukera polita izan lezake legearen barruan beste aurpegi bat erakusteko, baina legearen aitzakia erabilita gizalegea komun zulotik behera botatzea gurago dute, Estatuko segurtasun indarrek eta mugako poliziek egiten duten gisara, telebistako Ameriketako filmetan paper nagusia duten jagole bortxatzaile «eredugarri» horien gisara.
«Miseriatik alde egin nahian, beraien barnean dute», zioen Zazpi Eskale musika taldearen kanta batek. Miseria ustez herritarron babesle diren indarrengan ikusi dut, eta afrikarrek bere apalean gure eskola umeontzat eredugarria den gizatasuna erakutsi dute, probokazioei erantzunik eman barik. Aurrerantzean, familia horiek pobreziatik ihes egiten saiatuko dira, erroboten antzean jokatzen duten jagole handiusteen atzaparretan jausten ez badira, eta bihotz apur bat duen edonork elkartasuna erakutsiko die. Dena dela, beldur ematen dit noren eskuetan gauden ikusteak, eta gizalegearekin batera hiri garbi eta ordenatuak zikintzen dituen oro nongo komun zulotara bota lezaketen pentsatzeak. Faxismoa lozorroan dago, baina ez hilik.