GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA Caja Rural taldeko txirrindularia

Zapataria

Ez dakit zehazki noiz, baina iazko Tourrean uste dut «postariari» buruzko zutabe bat idatzi nuela. Irakurle batzuek agian gogoratuko duzue David Moncutie, «postaria», zer-nolako gizon xelebrea eta txirrindulari handia zen kontatzen nizuen zutabetxo hura. Badira tropelean txirrindulari xelebreak, eta postariaren antzera «zapataria» ere oso tipo xelebrea da. Gizon alaia da, adar jotzailea, egun guztia bromak egiten eta ziria sartzen pasatzen duenetarikoa. Berdin zaio talde batekoa edo bestekoa izan, herrialde honetakoa edo hartakoa, iji eta aja igarotzen du egunaren parterik handiena.

Herenegungo erlojupekoan, sekulako kolpea hartu zuen eta helmugara iritsitakoan triste egon beharrean, bere buruari barre egiten zion. Bera ez dela horren azkar ibiltzeko txirrindularia esaten zuen; hain abiadura handian joanda, konturatu orduko bihurguneak gainera etortzen zaizkiola eta erreakzionatzeko astirik ez diola ematen esan zuen. Aldapa gora, abiadura motelagoetan ibiltzen ohitua dagoen txirrindularia dela zioen barrezka.

Michele Scarponi eskalatzaile handiaz ari naiz. Bere abizenetik dator «zapataria»-ren goitizena, scarpa italieraz zapata da eta hortik dator zapatariaren kontua. Aurtengo Itzulian, bere pedal kolperik onena ez duen arren, ziur naiz datozen etapa menditsuetan hor aurrean ikusiko dugula.

Atzoko etapako pasartea ere barregarria izan da. Jakingo duzue, azken egunotan Nibali erle baten ziztadaren ondorioz, bekoki ingurua handituta dabilela, begiak ere ozta-ozta zabaltzeko moduan. Esan bezala, gaur [atzo], ihesaldia antolatu denean eta tropelean lasai xamar gindoazela, Nibalirengana gerturatu da scarpa eta adar-jotzaile tonuan ekin dio: «Ene, hemen Vincenzo! Ondo egon da kazetariei kontatu diezun erlearen istorioa, baina orain lagun artean gaudenez... lasai esan dezakezu kirurgia plastikoa egiten ari zarela bekoki inguru horretan kazakhstandarren itxura hartu asmoz! Talde horretako nagusi eginda zaudela jakin badakigu, baina ez duzu zertan beraien itxura berdina izan, gizon!». Barre algaraka ia ito egin gara inguruan geundenok.

Etapako konturik ez dakart gaur, baina egun hauetako batean italiar xelebre honek zutabetxoan tartetxo bat merezi zuela uste nuen eta gaurko pasartearen ostean ez dut dudarik egin!

Bihartik aurrera ibilbide menditsua berriro. Txantxetarako tarte gutxiago beraz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo