Aiaraldeko lurretan, mugarik gabeko zeruaren azpian, Pablo Gorostiagaren begirada narea
Pablo Gorostiagak bere senide eta hurkoak besarkatzeko aukera izan zuen atzo Orozkon. Bat izan ezik, bere emaztea, hain zuzen, bere buruari zuzenbidezkoa esaten dion Estatu baten ankerkeriak hari azken agurra ematea galarazi baitzion. Hamaika pentsamendu igaroko zitzaizkion gogotik, hamaika sentimendu kontrajarri. Bere jendea ikusteko poza, bere herria, bere lurra eta mugarik gabeko zerua ikusi eta entzun, usaindu eta ukitzeko emozioa, bere emakume zendu berriaren galerak eragindako mina... eta azken egunotan jasandako ankerkeria. Hori, ordea, ez zaio ustekabea gertatu, nonbait, urte askoan egunik egun bizi duen mendeku politikaren ondorioa baino ez baita izan, tresna politiko gisa erabilitako sufrimendua muturrera eramanda. Aurpegia nare, haren begiradak ez zuen gorrotorik adierazten, maitasuna baizik, eta konpromisoa. Bere bizitza guztian erakutsi dituen maitasuna eta bere herriarekiko konpromisoa. Laudio eta Aiaraldeko bizilagunak, eta Euskal Herri osoko beste asko, horren lekuko. Gaur Laudion, «Sakabanaketarekin amaitu, euskal presoak Euskal Herrira» lelopean, hain beharrezkoa den konpromiso hori erakusteko aukera izango da.