GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hasierako bide onari helduta, bigarren olatua Elorrion

Ferixa Nausikoak bigarren asteburuan sartuko dira gaur, lehenbizikoak antolatzaileen artean zapore «goxoa» utzi eta gero. Arrakasta errepikatzen saiatuko dira elorrioarrak, egitaraua kale giroan eta parte-hartzean oinarrituz.

p019_f02.jpg

Mikel PASTOR | ELORRIO

Donostiako uretan egun hauetan jokatzen ari diren Kontxako Banderarekin paralelismoa eginez, esan dezakegu elorriarrek, Urdaibaik Gipuzkoako hiriburuan bezala, lehenbiziko luzea ezin hobeto egin zutela. Pozik, oso pozik agertu ziren Ferixa Nausikoen Txosna Batzordeko kideak, lehenbiziko olatu horrek izandako erantzunarekin.

Konparaketa horrekin jarraituz, esan dezakegu aste barruko egun hauetan ziaboga ederki egin, indarrak berreskuratu, eta «Bou Bizkaia»-ko arraunlari ausartek bezala, «azkonarrek» ere -horrela deitzen diete elorriarrei Durangalde inguruan- tinko eutsiko diotela bigarren asteburuari.

«Lehendabiziko egun hauen balorazioa oso positiboa da -adierazi zion GARAri Txosna Batzordean dagoen Irenek- bai bisitarien aldetik bai antolatutako ekintzetan izandako parte-hartzeagatik. Egia esanda, ez genuen horrelako arraskatarik izatea espero, baina esker onez hartzen dugu, noski», azaldu zuen pozik.

Arrakasta horretan berebiziko papera jokatu zuen ostiralean Riot Propaganda taldeak eskainitako kontzertuak. Habeas Corpus eta Los Chikos del Maiz taldeek osatutako proiektu berriak leporaino bete zuen karpa, inguruko herrietako -baita urrunagokoak ere- dozenaka lagun erakarriz.

Halere, Ferixa Nausietako lehen asteburuan bildutako jende andana talde edo kontzertu bati egoztea ez litzateke egokia. Gaueko egitarau potenteak jende ugari erakartzen duela argi dago, baina Irenek argitu digunez, bestelako ekimenek ere gorantz egin dute: «Egia da gorakada nabarmenena gau partean nabaritu dugula, eta txosnagunea lepo kontzertuetan jarri dela, baina ez dugu ahaztu behar egunean zehar antolatu diren beste zenbait ekintzatan ere parte-hartzea oso handia eta anitza izan dela. Hori da balorazio positiboaren funtsa, gau zein egun, nagusi zein gazteentzat, guztiontzat jai erakargarri eta parte-hartzaileak egitea lortu dugula, edo behintzat, helburu horretatik gero eta gertuago gaudela».

Kuadrillak, goraka

Asteburua igarota, astelehenean Kuadrillen Eguna ospatu zen Elorrion, giro bikainean, bereziki, gero eta gazte gehiagok hartzen dutelako parte ekimen honetan: «Jaietako alderdirik positiboena izan da kuadrillena. Ondo dago jendea jaietara, kontzertuetara, hurbiltzea, baina askoz pozgarriagoa da zure herrian parte-hartzea, inplikazioa, gora doala ikustea. Eta hori gurean gertatu da».

Guztira, hogei kuadrillatik gora izan ziren egun osoko ekintzetan parte hartzen. Goizean elkartu eta denak batera bazkaldu eta gero, musikaz eta algaraz lagundurik kuadrillen jaitsiera egin zuten herriko plazaraino. Bertan, indarrak neurtu zituzten joko ezberdinetan, herritar mordoaren begiradapean.

Kuadrillen Eguneko gorakada hori, Txosna Batzordearen aburuz, bi printzipiotan oinarritzen da: «Alde batetik, nagusitzen doazen kuadrillek jarraitzen dutelako parte hartzen, ez dute eguna alboratzen, inplikatzen dira; eta bestetik, gazteen kuadrillak, pixkanaka, sartzen doazelako, nagusien arrakasta izanda. Kiribil positiboa sortzen da horrela, eta azkenean herria da indarturik ateratzen dena».

Aste barruko egun hauetan gorputzari eta buruari atseden eman eta gero, bigarren asteburua gogoz hartuko dute elorriarrek, jaiei behar bezalako amaiera emateko. Antolatzaileek, halere, badakite aurreko asteburuko arrakasta errepikatzea zaila izango dela: «Argi dago horrenbesteko jendetza biltzea ia ezinezkoa izango dela. Kontuan hartu behar dugu atzo Lekeition Antzara Eguna ospatu zela, eta asteburu honetan ere jarraitzen dutela hango jaiek, eta horrek, nahi eta nahi ez, Durangaldeko jende piloa eramango du kostalderantz».

Egitarauari dagokionez, probalekuan atzo hasi zen XLIX. idi-proben txapelketak gaur eta bihar jarraituko du. Bide horretatik, zezensuzkoa aterako da gaur gauean herriko plazara.

Bihar Sukalki Egunaren txanda izango da, Iturri Zoro elkartearen eskutik, eta ospatzeko, kalera mozorrotuta ateratzeko deia luzatu zuten. Arratsaldean karrozen jaitsiera egingo da, Ustekabe fanfarrearekin batera, eta gauean Korrefok kale animazioa arituko da kaleetan.

Musikari dagokionez, Golden Apple Quartet gaur gauean arituko da Urarkan. Bihar, toki berean, The Country Revival Farmers izango dira. Igandean, jaiei amaiera emateko, Xarnege Folk taldeak joko du herriko plazan. Bertsolaritzari dagokionez, Fredi Paia, Jone Uria, Beñat Ugartetxea eta Jon Maia azken egunean egingo dute saioa.

Txosna Batzordeak antolaturiko kontzertuetan, gaur Pixontxis eta D-Pintxos ibiliko dira gaztetxean, 22.30etik aurrera. 00.00etan, txosnetako karpan, DJ Flyu arituko da. Bihar, berriz, Sugoik eta Vendettak txosnagunean joko dute -talde nafarrak jende ugari erakartzea espero dute antolakuntzakoek- eta gaztetxean, berriz, DJ Tron/P arduratuko da dantza eragiteaz.

karpa, leporaino

Pasa den ostiralean txosnagunea bete egin zen Riot Propaganda taldearen kontzertuan. Asteburu honetan antolatzaileek ez dute horrenbeste jende espero, baina uste dute Vendetta taldeak ere jende ugari erakarriko duela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo