Armagintza eta gerrateak auzian, Joan Mari Irigoienen nobela berrian
Arma-fabrikak oraindik martxan egotea, horiek mina emateko sortuak izatea eta gai hori gurean tabu bat izatea aspaldiko kezka da Joan Mari Irigoien idazlearentzat. Noizbait idatzi du honen inguruko poemaren bat, testu labur bat, baina oraingoan gaia ardatzean duen eleberri bat egitera ausartu da. Euskal Herriko eta herrialde arabiar bateko bi familiak gidatzen dute kontakizuna, sentitzen duten gorrotoa tartean dela, topo egiten duten arte.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
«Arma, tiro, bammm!» (Elkar) da Juan Mari Irigoien idazle altzatarrak kaleratu duen azken eleberria. Pasa den udazkenean haurrentzako bi poesia liburu eman bazituen, oraingo honetan helduentzako literaturari heldu dio Euskal Herrian dauden arma lantegien kezkari tiraka. Bi familia dira protagonistak; bata euskalduna, eta bestea arabiarra. Bi istorio paralelo moduan aurkezten da nobela, familiek une batean topo egiten duten arte.
Irigoienek duen gaixotasuna dela-eta, nahiago izan zuen gehiegi ez hitz egin atzo goizeko aurkezpenean, baina Pako Aristi idazleak ondo defendatu du bere lagunaren liburua, bere ustez «Joan Mari bezalako idazle batek abokaturik behar ez» badu ere. Aristiren esanetan, nobela sakona da «Arma, tiro, bammm!», eta Siriaren inguruan hainbeste hitz egiten den une honetan, gaurkotasun handikoa, gainera.
«Oso modan dagoen gai bat ere jorratzen da -aipatu du Aristik- bi kulturen arteko gorrotoa, mendeku gosea, batak bestea menperatzeko nahia eta negozio baten hipokrisia». Era berean, uste du eleberria irakurri eta gero lortzen dugun leziorik garrantzitsuena mundu guztian pertsona guztiak berdinak garela da. Berarentzat, liburuaren pasarte polit bat da familia arabiarreko pertsonaia bat konturatzen denean Mendebaldeko pertsona guztiak ez direla berdinak, ez direla gaiztoak. Era berean, iradokitzen du Ekialdekoak ere ez direla berdinak, eta aurreiritziekin hausten du.
Xabier Mendiguren editoreak ere zenbait zertzelada eman zituen liburuaren inguruan. Hasteko, Irigoienek erabilitako txukuntasuna eta edertasuna aipatu zuen. Bestalde, «fabulaziorako ahalmena» azpimarratu zuen. Izan ere, eleberrian bi istorio nagusi kontatzen badira ere, pasadizo txiki asko uztartzen ditu, eta hori «fikziozko idazle on baten» ezaugarria da. Azkenik, liburua etikoa dela esan zuen.
Irigoienek dokumentazio lan sakona egin behar izan du, batez ere, islamari buruz mintzatzeko. Asko irakurri behar izan du gaiaren inguruan eta zenbait adituri laguntza eskatu behar izan die. Hala, Mari Jose Lasa esatariak, Karlos Zurutuza kazetariak eta Antonio Eskalante Gasteizko talde antimilitaristako kideak lagundu egin diote istorioa osatzen.
Joan Mari Irigoienen liburu berriaren portada bere anaia Imanolek egin du, beste zenbait liburutan bezala. Idazleak 65 urte beteko ditu irailaren 30ean, eta horregatik erakusketa bat prestatuko dute bera omentzeko. Altzako Tomasenea kultur etxean zabalduko dute urriaren 3an, eta artistaren 60 marrazkitik gora bilduko ditu. Honek azaldu bezala, liburuak, azalen originalak, zirriborroak eta diseinu bakoitzeko bertsio desberdinak izango dira ikusgai. Inaugurazioaren egunean, Elkarreko editorea den Xabier Mendigurenek hitzaldi bat eskainiko du 19.30ean Irigoienen bibliografiari errepaso bat egiteko. N.B.