Irailaren 27an emango du azken kontzertua Zuloak taldeak Donostiako Gazteszenan
Zuloak taldea bere ibilbidearen azken txanpan da. Japoniatik bira abiatuko dute hurrengo asteazkenean eta Poloniatik igaro ondoren, Euskal Herrian eskainiko dute azken kontzertua, hilaren 27an, Gazteszenan.Koldo OTAMENDI | DONOSTIA
Taldea sortzerakoan iragarri bezala, Zuloak taldeak agur esango du Donostiako Zinemaldia iristearekin batera. Atzo goizean taldeko lau kideak eta Fermin Muguruzak prentsaurrekoan azaldu zituzten Zuloak musika taldearen eta filmaren ibilerak, «urte zoragarria» izan dela adieraziz. Horrela, urtebeteko zikloa itxiko du Zuloak taldeak.
Fermin Muguruzak hartu zuen hitza Zuloak egitasmoari buruz hitz egiteko. «Izugarria izan da urte honetan lortu duguna. Filma leku askotara eraman dugu, eta taldeak zuzenean aritzeko aukera izan du», esan zuen filmaren zuzendari eta taldearen sustatzaileak. Era berean, Ferminek amaitu berri duen «No More Tour» biran taldeak izan duen garrantzia, «taldekide bihurtzeraino kasik», nabarmendu zuen. «Orain amaitu berri dudan bira, Zuloak taldearen emanaldietan gauzatu zen. Hor piztu zitzaidan berriz agertokietan aritzeko harra», adierazi zuen.
Zuloak «inoiz baino hobeto» dagoenean uzteak dakarren zapore gazi-gozoa aipatu zuen Tania De Sousa abeslariak. «Ziklo baten itxierak beste baten hasiera dakar ezinbestean. Taldea orain uztea ez da gozoa, baina ilusioz beterik gaude abian jarriko ditugun egitasmo berriekin». Bide horretan kokatu daiteke Niña Coyote eta Chico Tornado (Zuloak taldeko kide diren Koldo Soret eta Ursula Strong musikarien egitasmo berria).
Guztira, 63 izango dira Zuloak taldeak urtebeteko epe honetan eskainiko dituen emanaldiak. Euskal Herrian zein atzerrian ibili da taldea, bidean, Alemanian, Mexikon, Bartzelonan edo Madrilen joz. Orain artean eskainitakoei gehitu behar zaizkie Japonian eta Polonian egingo dituzten emanaldiak. BBK Live, Becatu edo Viñarock bezalako jaialdietatik, Alegia, Gasteiz edota Olaztiko gaztetxeetara, agertoki handiak eta oholtza txikiak tartekatu ditu taldeak. Taldearen izena daraman iraupen luzeko diskoa, eta DVD dokumentala argitaratu dituzte.
Azken emanaldia
Euskal Herrian, berriz, bi izango dira taldea zuzenean ikusteko aukerak. Gaur bertan joko dute La Cupula aretoan (Campos Eliseos antzokia), Izar & Star musika zikloaren barnean, Runaways taldearen bertsioak eginez. Ainhoa Unzueta taldeko gitarra jotzailearen esanetan, «Runaways taldea berezia da guretzat. 70eko hamarkadan aritu ziren jotzen, eta emakumez osaturiko lehen rock bandetariko bat izan zen. Oso identifikatuak sentitzen gara beraiekin», zehaztu zuen. Irailaren 27an, berriz, Donostiako Gazteszena aretoan izango da hitzordua. Hauxe izango da taldearen azken emanaldia, Zuloak taldea betiko agurtuko baitute bertan.
Azken emanaldia berezia izango da. Asthmatic Lion Sound Systema (Fermin Muguruza Kontrakantxako zenbait musikariz osatua) eta Niña Coyote eta Chico Tornado izango dituzte oholtza gainean lagun. «Kaixo eta agur bat izango da», esan zuen Ursula Strong bateriak. «Zuloak taldearen azken emanaldia, nire eta Kolditoren egitasmo berriaren lehena izango baita». Bide horretan sakondu zuen Ferminek: «`No More Tour' biran askotan ireki dituzte emanaldiak guretzat, eta honakoan, geu izango gara kontzertua zabalduko dugunak», adierazi zuen. Formatu berezian arituko dira Muguruza eta lagunak, Sound System eran taularatuz. Azken emanaldi honetarako, gainera, kantu zerrenda berezia prestatuko du Zuloak bandak, eta zenbait bertsio eta sorpresaren bat ere izango dira tartean.
Zuloak eta Fermin Muguruzaren arteko elkarlanak badu oraindik argia ikusi ez duen azken emaitza bat. Alex de la Iglesia zuzendariak egin berri duen «Brujas de Zugarramurdi» filmeko kredituei musika jarri diote Ferminek eta Taniak. Irailaren 27an estreinatuko da filma, Donostiako Zinemaldian. «Zuloak» filmak, berriz, bere bidea jarraituko du. Ugariak izan dira dokumentalak izan dituen emanaldiak, eta aurrera begira ere jaialdi ezberdinetan ikusteko aukera izango da. Urrian Estatu frantsesean estreinatuko da.