Gaitz kongenito bat ezagutarazi asmoz, jaialdia Donibane Lohizunen
Jon GARMENDIA | DONIBANE LOHIZUNE
Mukobiszidosia eritasun kongenito bat da, pankreako fibrosi kistikoa ere deitzen zaio, birikei eta digestio aparatuari eragiten dio, eta ez da aurkitu hura sendatzeko manerarik, beraz harekin bizitzen ikasi besterik ezin du egin Kepak, otsailean sei urte beteko dituen Donibane Lohizuneko haurrak.
Gaur, bere alde, zesta-punta jaialdi garrantzitsu bat ospatuko da Jai-Alai frontoian arratseko 20.30ean. «Lau urte daramatzagu hau antolatzen, eta hiru helburu ditugu jaialdiarekin, batetik dirua lortzea, gaixotasunaren berri ematea, eta kirol joko hau hedatzea». Asier Uriberen hitzak dira horiek, Keparen aita da bera, eta zesta-puntako profesionala izan zen hamar urtez Mexiko eta AEBetan, eta egun haurrei erakusten aritzen da Donibane Lohizunen.