GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Josu Jimenez Maia | Idazlea

Madrilgo errege jauregian

Gazte ziren, euskaldun ziren, eta lagun preso bat bisitatzetik bueltan zetozela, Madrilen gelditzea erabaki zuten bisita turistiko bat egiteko. Madrilgo errege jauregira joatea otu zitzaien, beste preso baten senideei entzuna baitzioten merezi zuela. Erraza egin zitzaien aurkitzea eta jauregiaren kanpo aldean barkillero bat topatu zuten, Jose Luis López Vázquez-en eta Tony Leblanc-en nahasketa zirudiena. Ironia guztiarekin, gazte euskaldun horietariko bat saltzailearengana hurbildu eta barkilleroari, errege jauregiari begira, galdetu zion ea han bizi ziren errege-erreginak.

«Paper-festa»-n Anjel Lertxundik adierazi zuen: «Ironia eta iraina oso hitz hurbilekoak dira. Eta esanahiaren aldetik, ironia askotan iraingarria baita, biak sinonimotzat hartzen dira sarri». Barkilleroak ez zuen ironia harrapatu, iraintzat hartu baitzuen galdera, eta sinkope bat sufritu behar zuela zirudien arren, Jose Luis López Vázquezen eta Tony Leblancen nahasketa haragiztatuak arnasa hartu, erdeinuzko aurpegia jarri eta purrustaka esan zion ea nola zen posible espainol batek ez jakitea Zarzuela jauregian bizi direla errege-erreginak.

Izan ere, barkillo-saltzaileak ez zekien aurrean zituen gazteak ez direla sentitzen espainol, Espainiari eta Espainiako errege-erreginei eskertzeko deus ere ez dutela gazte euskaldunek. Gazte euskaldun horien laguna utzi berria zuten Toledo eta Madrilen arteko mugan dagoen espetxe batean, sei urteko kartzela-zigorraldia betetzen Espainia monarkiko honek legez kanpo utzitako erakunde bateko kidea izateagatik. Bi mila egun baino gehiago Aranjuezen. Espetxe hori Juan Carlos erregek berak inauguratu zuen, sarreran bisitariei ongietorria emateko plakak aldarrikatzen duenaren arabera. Baina hori nola azaldu Tony Leblancen eta Jose Luis López Vázquezen nahasketa den barkillero bati? Batzuetan, elkarrizketa bateko solaskideen arteko amildegia Urbasako leize-zulo guztiak baino sakonagoa da.

Egun horretan gazte euskaldunek ez zuten errege jauregia bisitatu nahi izan, eta, hala, bertan dagoen armarri berezi bat ikusteko aukera galdu zuten: Juan Carlosen armarri zutoihal handi bat, bertan Falangeren ikurra duena, uztarri eta geziak hondo urdinean. Hori ez zuten ikusi, eta barkillorik ere ez zuten erosi nahi izan.

Espainia horrelakoa da: uda honetan, Moraleja de Enmedio herrian, Madrilen, Falangeren «Cara al sol» ereserkia jarri dute, Udal Plazako bozgorailuetatik dena emanda, balkoian armarri frankista airean. Hori da hori marka, marca España.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo