Markel IRIZAR RadioShack taldeko txirrindularia
Denborak urrea balio du
Formigalen bukatu zen etapa, oso gogorra eta azkarra izan arren eta lepoa majo luzatzea tokatu zitzaidan arren, urtean zehar entrenamendu asko egiten ditudan bide eta parajeetan aritzeak gozatu ederra eman zidan. Helmuga gurutzatu, eta lagunak ikusteaz gain, familia nuen zain, eta eguntxo bat izan den arren, berriz ere beste animo batekin ekin diezaioket Vueltaren azken txanpari.
Familiarekin afaldu, gosaldu eta bazkaltzeak, segur aski datozen bi asteetan izango diren bakarrak izaki, minutu eta segundo bakoitzaz gozatzera eramaten zaituzte. Maite dituzun pertsonak denbora mugatu batean ikusi eta erlojuaren menpe zaudenean, ohartzen zara denborak duen egiazko balioaz. Etxera abiatu berri diren arren, jada faltan bota eta hutsunea utzi didate barruan, baina hurrengo baterako eta bizitzaren beste arlo batzuetarako ere erakusten dit, denbora zer baliotsua den. Eta denbora, segundo, minutu, ordu ala egunetan neur daiteke, baina teorian, 29 segundok inongo baliorik ez duten arren, horixe da gure aitona zaharrak historian izan litekeen hiru asteko itzuli bateko garaile zaharrena bihurtzeko behar duen denbora.
Gure bizitza arruntean, 29 segundo ez dira ezer, baina momentu honetan, sailkapen orokorrari buelta eman ahal izateko behar dugun urrezko denbora horrek, Vuelta oso on bat egitetik Vuelta ikaragarri eta ahaztezin baten arteko langa bereizten du. Vuelta irabazteko apustu horretan, taldekide guztion laguntza beharko du Chrisek, eta horrek esan nahi du Popo eta biok Madrilgo etapara arte egon, eta astelehenean zuzenean Italiara munduko txapelketetara joan beharko dugula.
Italian berriz ere erlojuaren orratzekin borroka egin beharko dugu. Segundo gutxi batzuen menpe egon daiteke taldekako erlojupeko txapeldun izatea eta urrea irabazteko aukera. Orduan ere, denborak, segundoek, sekula ahaztu ezingo dudan une baten ala beste edozein lasterketaren arteko ezberdintasuna jarriko dute.
Baina orain, denboraren benetako balioa zein den badakidala, bi aste hauetan erraiak botatzen saiatuko naiz; zeren Chrisek Nibalirekin dituen 28 segundo horiek jan eta aurretik jarrita gorriz Madrilen bukatu, eta Florentzian denbora onena egin eta podiumeko gorenera igotzeko abilezia bageneuka, denboraldia bukatu eta etxera bueltatzean, aurten bizi izandako denboraldi ahaztezin honi buruzko errepasoa egin eta segundo bakoitza ehuneko ehunean gozatuko dudala zin egiten diot neure buruari.
Zeren orduan, familiari lapurtuko diodan denbora preziatu horrek bere benetako balioa izango du, eta Radio Shack Leopard Trek munduko txapeldun bada erlojupeko munduko txapelketan, esan ahal izango dut, denborak, inoiz baino gehiago, urrea balio duela.
Horrela ba, Txopiren masajeaz gozatu, eta urrezko une hau gozatzen uzten zaituztet!!