GARA > Idatzia > Kultura

«Musika zainetan» eramateko ez dugu zertan helduak izan

Irunberriko talde gaztea hasiberria da taula gaineko emanaldietan, baina urte ugari daramatzate 14 eta 15 urte bitarteko hiru gazteek musika kontuetan. Euren lehen diskoa kaleratu berri dute, hamar kantez osatua, eta horietatik zazpiren hitzak idatzi dituztelarik.

p045_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Ibai Osinaga, Iker Ariz eta Julen Abaurrea Irunberriko gazteek osatzen dute Altxatu taldea. Lehen biek 15 urte eta hirugarrenak 14 besterik ez dituzte, baina euren gaztetasuna ez da oztopo gustuko dutena egiteko. Lehen diskoak taldearen izen bera dauka eta Gor argitaletxearekin kaleratu dute, bertako editoreak txunditu ostean. «Bajeretan entseatzen duten milaka talde daude, baina honek zerbait dauka».

Hain gazteak izanik, hirurek musika ikasi dute. Ikerrek bateria jotzen zortzi urte eman ditu, eta Ibaik eta Julenek, euren kabuz, hurrenez hurren, gitarra eta baxua ikasi badute ere, bonbardinoa ere jotzen dute. Kanta gehienen hitzak ere beraienak dira. Ibaik berak azaldu bezala, etxean lantzen ditu kantak gero lagunei erakusteko, eta denen artean osatzen dituzte.

Joko moduan hasi ziren kontzertuak beraientzat, pixkanaka Irunberrin zein inguruko herrietan kontzertuak eskaintzen hasi ziren eta diskoa grabatzeko aukera sortu zitzaien. Vendetta taldeko gitarristarekin, Javier Etxeberriarekin, jarri ziren harremanetan Zangozan egindako ikastaro bati esker. Hasi eta bost egunetara lana egina zuten: zazpi kanta propio eta hiru bertsioz osatutako lehen diskoa. Horietatik, lehen singlea izateko «Musika zainetan» aukeratu dute, rock doinu itsaskorrez beterikoa. Honen bideoa badago jada Youtuben ikusgai, oso-osorik Irunberrin egina, Leihotikan taldeko Aitor Remonen eskutik.

Hertzainak-en tankerakoa

Ikasketek denbora askorik uzten ez dieten arren, etengabean entseatzen eta kanta berriak sortzen jarraitzen dute. Hala ere, gustuko dituzten taldeak oso presente dituzte. Ramones eta The Clash taldeen jarraitzaileak dira, eta reggae doinuak ere entzuten dituzte. Euskal Herrira begira, esan omen diete Hertzainak-en antza dutela, batez ere Ibairen ahotsa Garirenarekin konparatuz gero.

Zuzenekoetan, gainera, Hertzainak-en eta Negu Gorriak-en bertsioak jotzen dituzte jendea berotzeko, diskoan bestelako bertsioak grabatu badituzte ere. Joe Strummerren «The future is unwritten» hautatu dute (ingelesez), eta The Specials taldearen «You're wondering now» euskaratu dute («Galdezka ari zara»). Horiekin batera, Irunberriko habanera baten bertsioa egin dute, euren musikara moldatua.

Taldeak berak idatzitako hitzak ez dira hala nolakoak; krisia, Euskal Herria, giza eskubideak... dituzte gaitzat. Emakumeen borroka ere ez dute alde batera utzi nahi izan, eta «No dejes de luchar» kantan, gazteleraz dagoen bakarrean, honi bultzada bat ematen diote.

Altxatuko kideen helburua ezagutzera ematea da, Euskal Herrian zehar ahalik eta kontzertu gehien emateko. Horretarako, Twitter-en eta Facebook -en ere badaude, eta kantak elkarbanatzeko trabarik ez dute jartzen. Datozen kontzertuak Zangozan (ostiralean, hilak 13, 20.30ean) eta Agoitzen (hilaren 27an, 00.00etan) eskainiko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo