GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Pauloren makulua

«Pacto de País» deitzen zioten jeltzaleek, eta gaur egun, oraindik ere, ez naiz gai euskarazko ordainik aurkitzeko, ziurrenik, euskaraz ez delako «país» hori existitzen

Hilabeteak dira gure herriko EAJko militante batekin ilargipeko elkarrizketa bat izan nuela. EAJk PSEri paktu handi baterako proposamen publikoa egin berri zion, Gasteizeko Legebiltzarrean urtebetean izan zuen eraginkortasun ezaren irtenbide modura. Pacto de País deitzen zioten jeltzaleek, eta gaur egun, oraindik ere, ez naiz gai euskarazko ordainik aurkitzeko, ziurrenik, euskaraz ez delako país hori existitzen. Misterio bat da. Nafarroako itsasalde eta Arabaz dihardute? UPNren ahultasuna eta Nafarroa Garaiko boto aurreikuspenak ekuazioko aldagaiak dira? Geroa Bai paktu horretan dago sinatu ez arren ere? Iparraldea existitzen da Elizondo non dagoen ez dakitenentzat? Zapateroren Espainia plurala berpiztuko dute kataluniarrak maletak egiten dabiltzan bitartean?

Atzo egunkari gehienek argitaratzen zuten EAJ eta PSEren arteko paktuaren argazkiak etorkizunerako paktua zela zihoen. Hamarkada bat bada gutxienik politikariek euren ekimenak etorkizunarekin eta lehiakideenak iraganarekin lotzen ahalegintzen direla, iraungipenaren pentsamendu teknologikoaren ondorioz. Baina gizarteak politikariengandik datorren informazio oro sinesgarritasunaren galbahetik igarotzen duen Barcenasen sasoiotan, desesperazioaren alaba begitantzen zait itun berria etorkizunarekin lotu gura izatea. Euskal hauteslearentzat ez dago EAJ-PSE ituna baino gauza zaharragorik. Elkarri laguntzeko dokumentu publikorik sinatu ez duten legegintzaldietan ere elkarri loreak boteaz igaro dituzte egunak. EAJ Gasteizko Gobernuko irudirik tipikoena da, PSE, aurreko gobernuko burua. Hots, tipikoa denak ezin du berria izan, ondorioz ez eta etorkizunekoa ere, eta aurreko Gobernuarekin paktatuz azken hogeita bost urteetako continuum bat irudikatu dute. Iraganaren betikoratzea sinbolizatzen du aurpegi berririk gabeko argazki horrek. Eta espero dut antropologo, soziologo, psikologo edo fisikariren batek azaltzea ideia antioriginal bezain aritmetikoki desesperatua izan duen jenioari, iraganaren betikoratzea ez dela etorkizunaren ikur gizarte modernoan. Etorkizunarekiko beldurraren ikurra baizik.

EAJ eta PSEren arteko itun berriak nire 82 urteko lagun baten, Pauloren pasadizo bat ekarri dit burura. Behin etxera joan nintzaion bisitan, belaunean ebakuntza egin berri zioten eta. Han ikusi nuen lehenengo aldiz hiru hankatan, hau da, makuluaren laguntzaz oinez, tomate eta piper artean. Lagun barri in dozu Paulo? Itaundu nion makuluari begira, koadrilakoek garai batean deabruarena deitzen zioten nire irribarre adar jotzailearekin. Eta hala erantzun zidan: «Tristea dok Fredi, norberari bere buruari eusten ez dotsenak eutsi beharra». Izan ere, hala baita, makuluak zutik egoten laguntzen digu, baina bera bere kabuz ez da zutik egoteko gai. Eta badakizue, gure barruan dagoena kanpoan bilatzen dugunean gure garapenaren amaiera hasten dela.

Hego Euskal Herriko indar politikorik zaharrenen ahultasun erakustaldi honek ezker abertzaleari etorkizun bihurtzeko aukera ematen dio. Orain arteko politikagintzari alternatiba eraikitzeko posizio ezin hobea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo