Diada: Kataluniaren eguna, katalanen eguna
Gaur Katalunia jaiz jantzi da Diada ospatzeko. Jaiz jantzi, borroka eginez bere eguna ospatzeko eta beren nazioa zer bide egin nahi duen erabakitzeko gai eta gauza dela erakusteko. Asko hitz egin eta idatzi da egun honetaz, eta azkenik iritsi da ibilbide gero eta argiago batean erreferentzia eta ibilbide hori are gogotsuago ibiltzeko akuilua izango dena. Iritsi da giza kate batek Printzerria alderik alde zeharkatzeko erronka, Via Catalana cap à la Independència ekimena gauzatzeko eguna. Iazko Diada historikoa izan zen, inork ez zuen espero halako jendetzarik Bartzelonako kaleetan; aurten, ordea, inork gutxik egiten du zalantza gaurko ekimenaren arrakastaz, iaztik gaur arte aldarri independentista areagotu egin baita.
Kataluniaren eguna, katalanen eguna da gaur, eta inoren eskuko izan nahi ez duten herri guztiena, Kataluniak bezala beren etorkizuna erabaki nahi dutenena. Katalanak dagoeneko hasi dira beren etorkizuna erabakitzen, katalanak eta ez hango instituzioak, ezta alderdi politikoak ere; horregatik, gaurko Diada inoiz baino katalanen egunago da, nazio horretako herritarrak benetako protagonistak baitira. Izan ere, Via Catalana cap à la Independència Kataluniako herritarren nahia adierazteko era da, Madril eta mundua ohartu daitezen Kataluniako auzia ez dela Gobernu autonomo bat edo alderdi bat, bere bidea egitea erabaki duen herri bat baizik.