GARA > Idatzia > Ekonomia

Erretiroaren erreformaren aurkako jarrera Baionako karriketan ere islatu da

Sindikatuek ere ekin diote urte politiko berriari. Zalantzarik gabe, erretreta sistemaren erreforma izango da ardatz nagusietakoa datozen hilabeteetan. Atzo mobilizazio ugari izan ziren Estatu osoan. Baionan ere ehunka lagunek azaleratu zuten beren desadostasuna.

p028_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Opor sasoia tarteko, CGT, FO, Sud-Solidaires eta FSU sindikatuek deitutako mobilizazio egunak erantzun indartsua ez zuela izanen pentsa zitekeen arren, Baionako manifestazioan 1.500 lagunek parte hartu zuten Gobernuak egin asmo duen erretiroaren erreforma salatzeko.

Aldiz, grebarako deialdiak erantzun motelagoa izan zuen, lanuztearen eragina apenas nabarmendu baitzen. Garraio publikoa, tren zerbitzuak, ikastetxe, zerbitzu publiko eta komunikabide batzuk izan ziren ukituenak baina, oro har, normaltasuna nagusitu zen.

Lapurdiko hiriburuan, sindikatuen ordezkariek «Erretreta osoa 60 urteetan» zioen pankartarekin zabaldu zuten bidea. Atzetik, ohi moduan, blokeka kokatu ziren manifestariak. CGTkoa izan zen jendetsuena. Ondoren, FO, Sud, Solidaires eta FSUko afiliatuek osatutako multzoek segitzen zuten, baita LABekoak ere «Inposaketarik ez. Erretreta sistema SOS» pankarta propioarekin. Hainbat indar politiko eta sozialetako (EH Bai, Bizi, PCF, FG, CNT, Planning Familial) ordezkariek ere parte hartu zuten, hautetsi batzuk tartean, esaterako, Bokaleko auzapez Marie-Josee Espieube, Donibane Lohizuneko zinegotzi Yvette Debarbieux eta Marie-Christinne Aragon PSko kontseilari nagusia.

Manifestariek lasaiki egin zuten suprefeturarainoko bidea eta han ordezkari batek hartu zuen hitza, Hollanderen gobernuak abian jarri nahi duen erreforma salatzeko.

Gobernua gibelarazi

LABek ere «injustutzat» jo du «iraganeko logika beretik egindako erreforma». «Lan Kodearen suntsipena eta lan harremanen indibidualizazioa» bultza- tzen duela nabarmenduta, erreformak «pentsioak apaldu» eta «gobernuaren zorra langileen bizkar» jarriko duela gaineratu du. Sindikatu abertzalearen ustez, «soilik mobilizazio zabal, indartsu eta iraunkorraren bidez lortuko da gobernua bere asmoan gibelaraztea».

Ildo beretik, EH Bairen iritziz beharrezkoak dira «borroka eta alternatiba soziala eraikitzea». Koalizioak arrisku bizian ikusten du «belaunaldien arteko elkartasunean oinarritutako sistema» eta gobernuaren «argu- mentu faltsuak» kritikatu ditu. Bere aburuz, «onartezina da langileei gero eta lan gehiago egitea exijitzea», eta «gazteen enplegua bultzatzea eta diru-iturri berriak kapital eta akziodun handiak gehiago zergapetuz» lortzea proposatzen du, «babes soziala bermatzeko eta lanaren eta produkzioaren aberastasuna partekatzeko».

KOTIZAZIOAK

Urriaren 7an hasiko dute erreformaren eztabaida Asanblea Nazionalean. Besteren artean, 2035erako, pentsio osoa ukaiteko 43 urte kotizatzea (orain 41,5 dira) finkatuko du. Kotizazioak 2017rako progresiboki igotzea ere planteatzen du.

DESADOSTASUNA

PSko sektore batzuek agiri bat kaleratu dute erreformarekin bat ez datozela adieraziz. Sinatzaileen artean, Christophe Martin eta Marie Christine Aragon kontseilariak eta Mathieu Berge Ipar Euskal Herriko PSko idazkaria daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo