ZURI-GORRIEN ORROAK
Zaku hautsiak...
Aiert GOENAGA
Maketa aurkeztu eta epe ofizialak eman zituztenean hain urrun ikusten zen eguna iristear da. Astelehenean San Mames Barriaren inaugurazio ofiziala egingo da Athletic-en eta Celtaren arteko partidan (bueno, San Mames Barria baino, bere hiru laurdenak, zehatzago izateko). Auskalo zenbat orri bete zituen San Mames zaharraren agurrak eta auskalo berriaren ongietorriak zenbat utziko dituen. Nik GARAko lagunek uzten dizkidaten lerro hauek aprobetxatuko ditut hemeroteka guzti horri neure ekarpentxoa egiteko.
Esan bezala, ekarpena hemerotekari izango da ziur aski; ze idaztera noan lerrook bukatu aurretik badakit zaku hautsian eroriko dela euron edukia. San Mames Barriaz hitz egiteak askotarako eman diezaguke; baina zaku hautsian erortzeko zer hobe zaku hautsiak eta beraietatik irteten dena baino. Diruaz ari naiz. Denon zakutik Athleticen zelai berria eraikitzeko erabilitako diruaz, hain zuzen ere.
Goizeko kafesnea eta tostadak langabeziaren gorakada, ERE, murrizketa eta zergen igoeren inguruko albisteekin laguntzen ditugun garaiotan, gure agintariek XXI. mendeko zirku erromatarrean gure sosak gastatzeko arazo gutxi dituzte. Baita oinezko soilok etxebizitza bat erosi eta gure amets usteak betetzeko dirua behar dugunean berau eskatzera joaten garen kutxek ere. Norbanakoentzat ez da dirurik, baina futbolerako bai, hauxe da gure hurbileko kutxen estiloa (hurrengo batean aztertuko dugu).
Erakunde publikoetara itzuliz, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren artean egindako ekarpena 100 milioi eurotik gorakoa dela aipatu behar da. Diru ekarpenak, lurzoru ekarpenak, partizipazioen aldaketak eta bestelakoak tarteko, zaku publikoetatik 100 milioi euro baino gehiago bideratu dira. Honek ondorengoa esan nahi du, Euskal Autonomia Erkidegoan 22,77 euro inbertitu direla biztanleko. Alegia, gipuzkoarrek eta arabarrek 22,77 euro ipini dituztela bizkaitarrekin batera futbol zelai berriaren proiektuan. Ariketa sinplea da oso: Eusko Jaurlaritzaren 50 milioi euroko ekarpena, zati EAEn bizi garen biztanle kopurua (2.195.433 - Iturria: Atlasa.net). Bizkaitarrei dagokienez baina, per capita inbertsioa ez da hor geratzen. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak 50 milioi euroko ekarpena egin zuen (33 milioi dirutan eta 17 milioi euro lurzoruaren ekarpenaz). Aldundiaren ekarpen osoaren kopurua Bizkaiko biztanleriaren artean zatituz gero (1.158.790 - Atlasa.net) buruko egin den ekarpena 43,18 eurokoa dela ikusiko dugu. Baina noski, 43,18 euro hauei Jaurlaritzatik bideratutako 22,77 euroak batu behar zaizkie bizkaitar bakoitzaren ekarpena zenbateko izan den jakiteko; hau da 65,95 euro. Eta ekarpenen kalkuluak bukatzeko, bilbotarrak ditugu. Bilboko Udalak 11 milioi euroko ekarpena egin zuen, 11 milioi euroko balioa zuten partizipazioak lortuz balio bereko udal lizentzien truke. Honek, bilbotarren ekarpena beste 31,28 euroan handitzen du (11 milioi / 351.629). Guztira 97,23 euro.
Gure zaku publikoak eta langileon etxeetako zakuak inoiz baino zulatuago dauden garaiotan eta guk hala nahi ez izan arren, diru kopuru hauek nola inbertitzen diren ikusita, ondo legoke XXI. mendeko zirkurako bakoitzak bere sarreratxoa izango bagenu. Gipuzkoarrek eta arabarrek korner inguruan (22,77 eurorekin zer nahi duzue ba?), bizkaitarrak fondoetan eta bilbotarrak tribuna printzipalean. 42 partidu nahikoa izango lirateke guztiok gure sarrerarekin San Mames Barrian sartu eta dagozkigun 90 minutu horietaz gozatzeko. Behin gastatu duzuenez, zer gutxiago, ez? Baina zaku hautsien garaian ideia hau ere zakutik hartzera joango da, indiferentzia sortuz zein irakurri dutenen algara soil bat atereaz. Sekula egingo ez dutela dakitenen eta sekula egingo ez digutela dakigunon algara ironikoen artean. Denon zaku hautsiak nahi erara xahutzen dituzten artean.