Ikasle Abertzaleak bere 25. urteurrena ospatzeko egingo duen jaialdia aurkeztu du
«Azken ikasle dantza» izena jarri diote, jaialdi handien formatuan egiten den azken ospakizuna izango delako. Azaroaren 16an izango da, eta datozen asteetan argituko dute non izango den eta zein taldek joko duten.
GARA | BILBO
Ikasle Abertzaleak (IA) erakundeak bere 25. urteurrena ospatzeko egingo duen jaialdia ofizialki aurkeztu zuen atzo Bilbon, Bilborock aretoan. IAko kideek adierazi zutenez, «Azken ikasle dantza» izango du izena, Kortaturen diskoari omenaldia eginez, aurtengoa izango delako azken hamabost urteetan egin den jaialdi erraldoiaren formatu horren azken edizioa.
Azken dantza horren inguruko xehetasun asko aurrerago jakinaraziko ditu IAk, baina zenbait argibide jada gurean ditugu. Data, esaterako. Azaroaren 16an ospatuko da, oraindik argitu beharreko herrian.
Atzo bertan beste elementu bat ezagutzeko aukera izan genuen: kanta. Gose talde arrasatearrak egin du aurtengo abestia, «25. urteurrena» tituluarekin. Bide batez, honen bideoklipa aurkezteko ere balio izan zuen atzoko agerraldiak. Interneten dago ikusgai, bideoen ohiko plataformetan.
Ildo beretik, musika bilduma berria atera dutela gogoratu nahi izan zuten IAko kideek. Disko horretan, Ikasle Egun ezberdinetako kanta ezagunenak gordeta daude, baina ez Betagarri edo Amaiurren eskutik, Euskal Herriko zenbait talde gazteen ahotan baizik.
Iraultzaileen eskola
Atzoko aurkezpen bereziak Ikasle Abertzaleen atzoko eta gaurko militanteak batu zituen, Gose taldeko kideekin batera. Unai Txurruka, Ainhoa Mendibil, Maite Kintanilla eta Ikoitz Arresek urte luze hauetan bizitakoak azaldu zituzten, arlo politikoan egindako lana azpimarratuz, baina baita maila pertsonalean jasandako garapenari buruz mintzatuz ere.
Txurrukak unibertsitate garaiari buruz hitz egin zuen. 2006an Bolonia Planaren kontra izandako borroka itzelaren inguruko hausnarketak egin zituen.
Kintanillak, bere aldetik, IAk feminismoaren inguruan egindako lanketak ekarri ditu gogora, sortutako emakumeen sareak azpimarratuz.
Mendibilek, irakurketa intimoagoa, pertsonalagoa, burutu zuen, militantziak bere bizitzan izandako eraginak nabarmenduz, eta Arresek, bira ixteko, ikasle erakundeak gatazkaren konponbidearen alde egindakoak aipatu zituen: Adierazi EH, GazteHerria edota Gernikako Akordioa sinatu izana.
Lehenbiziko edizioa 1998an egin zuten Diman, IAren 10. urteurrena ospatzeko. Hortik aurrera, urtez urte beste hainbat herritan antolatu dute: Usurbilen, Alegian, Amurrion -bi aldiz-, Villabonan, Irunen, Erandion, Arrasaten edota Larrabasterran.