GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikasle elebidunen kopurua emendatu delarik, baliabide eskasia salatu du Ikas Bik

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Ikas Bi, sare publikoan hezkuntza elebiduna sustatzen duen elkartea, ez da pozik aurtengo ikasturtearen hasierarekin. Hala adierazi zuen atzo, Baionan, Thierry Delobel elkarteko presidenteak. «Azken 30 urteotan, ikasgela berririk ireki ez den lehen aldia da. Alta, ikasle gehiago badira. Aurreikusi bezala, 5.000 ikasleko muga gainditu dugu, baina bitartekoak ez dira batere handitu eta, ondorioz, ikasgela batzuk ikaslez puztuta daude», esan zuen.

Hezkuntza arduradunekin ikasturtearen prestakuntzak garaiz egin bazituzten ere, «hainbat ikastetxetan, batez ere hiriguneetan, ez direla behar bezala kontuan hartu eta, ohi bezala, gero azken uneko konponketetan ari dira; hots, irakasle postu erdiak eskola batzuetan kenduz beste batzuetan jartzeko», gehitu zuen Mixel Estebanek. Besteren artean, Baionako Jules Ferry, Urruñako, Arbonako, Barkoxeko, Uztaritzeko Arrauntz, Biarritzeko Paul-Bert eta Arrosako eskoletako edo Hiriburuko Aturri kolegioko arazoak aipatu zituen.

Euskararen Erakunde Publikoak ez duela Ikas Biren lana aitortzen kritikatu zuen, eta «lankidetzan» jardun beharko luketela esan zuen. Halaber, Hezkuntza eraberritzeko legearen aukerekin itxaropentsu agertu zen eta Hezkuntza errektore eta Departamenduko ikuskatzaile izendatu berriek hezkuntza elebiduna laguntzeko beren aurrekoak baino jarrera eraginkorragoa izatea espero du Ikas Bik.

FCPErekin indarrak batu

Ikasturte honetan erronka handiei erantzun beharko dietelakoan, FCPE guraso elkartearekin indarrak batzea deliberatu du, batez ere, gurasoen ordezkarien hauteskundeei begira eta «eskola publikoaren baitan elebitasuna defenditzen» segitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo