GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Arantza Santesteban Historialaria

Guztia nahi dute

Ekialdeko blokea desagertuta ez da erdiko klasearen mitoa behar. Datorren fasearen ardatza diseinatuta dago: elite super aberats bat vs masa erraldoi bat bizirauteko minimoarekin eta teknologiak eskaintzen duen entretenimendu birtualarekin

Txantreako El Molino kafetegian opil industrialak dauzkate. Iruñerrian bi kafetegiko zerbitzari klase daude: eskola zaharrekoek agurtzen dute kordialtasunez, eskola berrikoei gehiago kostatzen zaie aurpegira begiratzea. Badira eskola zaharreko gazteak ere. El Molino kafetegikoa eskola zaharreko gaztea da. Eta kordialtasunaren mugak gaindituz kafetegiaren jabearen gehiegikeriak kontatzen ditu usualki bazoaz bere lamentazio barrara. Ordutegi aldaketak, jaiegun lapurtuak, soldaten gaineko jokoak. Ez dakit hurrengo greba orokorreko deialdiarekin bat egingo duen kafetegiko langileak. Ordea, hurrengo greba orokorra egingo duten kafetegiko erosle askok zerbitzariarekin hitz egitean sentitzen dute eguneko klase elkartasun handiena.

Atzo esan nion El Molino kafetegiko langileari bere arazoak klase borrokarengatik zirela. Esan zidan ia marxista horietakoa nintzen, gaztelaniaz. Hor dago desfasea, errealitate baten deskribapena iraganera lotu nahi denean, edo hegemonikoa ez den tresna marjinal batera. Nola eraiki sare soziala terminologia politiko inklusiboa erabiliz. Nola izan aliatu gehiago. Nola sortu kontzeptu erabilgarriak kriptikoak izan gabe.

Halere, El Molino kafetegian marjinala den klase borrokaren kontzeptua eremu publikoagoan egon da azkenotan. W. Buffet-ek erabili du. W. Buffet munduko hirugarren pertsonarik aberatsena da. W. Buffetek esan du: «Noski existitzen dela klase borroka eta neure klasea da borroka horretan garaile suertatzen ari dena». W. Buffet denek ulertzen dute, baita klase borroka antigoalekoa dela uste duenak ere. Jesus Burgueraren elkarrizketa gogoan, klase borrokak egun elitearen konspirazio handiaren itxura hartu du. Orain korporazio handiak eta euren jabeak ez dira gainontzekook baino gehiago edukitzearekin konformatzen, orain guztia nahi dute. Ez da Nanni Balestriniren nobela proletarioaren izenburua. Ez da autonomia berlindarraren pintada bat. Ez da ezker independentista katalanaren eslogan bat. Orain %1ak esaten du Vogliamo tutto! Wir wollen alles! Ho volem tot! Teknologiaren garapen maximizatuan oinarritzen dira. Orain ez dira beharrezkoak gaur egun arte ezagutu ditugun lanen paradigmak ondasunak sortzeko. Ekialdeko blokea desagertuta ez da erdiko klasearen mitoa behar. Datorren fasearen ardatza diseinatuta dago: elite super aberats bat vs masa erraldoi bat bizirauteko minimoarekin eta teknologiak eskaintzen duen entretenimendu birtualarekin.

Egina dute aukera. Hau da epe luzerako erabaki laburra. Gerran daude eta ez dugu enteratu nahi. Eta %80a, hemen eta han, eztabaidan ei dago. Klasea ote gara? Klasearen baitako zer azpiklase gara? Fatalismoaren unea da: alternatiba eraginkorrak behar ditugu. Paradigma beliko honetan %1aren lehen garaipena ideologikoa izan da. Sozialismoa, komunismoa, anarkismoa garaiz kanpo daude. Elkartasuna, aberria, antolakundea eta erresistentzia taldeak garaiz kanpo ere.

Aurki izango dela azken bataila. %1a prest dago eta %80ak bide politiko berriak behar ditu. Galtzen ari garen bitartean ahalik eta duintasun handiena izateko alternatiba ekonomikoak. Irabazteko lubaki, erretagoardia eta artefaktu politikoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo