GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joxi Azpillaga eta Xabier Uzkudun Errezilgo nekazariak

Lurra ereiteko prest daukagu

Garai berriek tresna berriak behar dituzte, gaur egungo egiturak ezin dio horri erantzun. EHNE agortu da eta egitura berria sortu behar dugu

Badatoz aldeko haizeak nekazaritzara. Gizarte eredu berriak elikatzearen garrantzia berreskuratu behar du nahi eta nahi ez, eta egoera berriari erantzuteko nekazarioi prest egotea dagokigu. Nekazarion etsipen aro luzearen amaiera bistaratzen hasi da, orain arteko gizarte ereduaren porrotak gure aldarrikapen historikoak indartzen baititu. Denborak arrazoi eman digu, badator nekazaritzari merezi duen balioa aitortuko zaion garaia. Orain da garaia hausnartu, bildu, partekatu eta bide berri bati ekitekoa. Ereiteko sasoia da.

Edozein gizarterentzat lehentasunezko premia da elikatzea, eta elikagaiak sortzeak lehentasunezko izan behar du, burujabe izatea elikaduraren sorreran eta kontsumoan. Horretarako, nekazaritzak, eta lehen sektoreak oro har, galdua duen lekua eta duintasuna berreskuratu behar du.

Elikadura burujabetzak ipar argia behar du izan, eta menpekotasunik gabe jardungo duen sektorea behar dugu: baserri bakoitzaren baliabideetara egokitutako ekoizpen ereduak eta merkaturatzeko gertuko bideak garatuko dituena; baserri asko eta nekazari ugarik leku izan dezaketena; sektorean txertatu nahi duen orok leku izan dezakeena, eta lanpostu sortzailea eta gizarteari kalitatezko elikagaiak eskaintzeko gai izango dena. Alegia, iraunkortasuna bermatuko duen eredua erein behar dugu.

EHNEk funtzio garrantzitsua bete du duela 15 urte inguru arte. Sektorearen gehiengoa eliza eta eskuinaren inguruan egituratuta egotetik, beharrezkoa zuen autonomia lortzeko egindako lana zalantzarik gabe positiboa izan da. Gaur esan dezakegu neurri batean gaitz horretatik libre gaudela.

Baina, aldi berean, beste gaitz batzuk sortu zaizkigu. Alde batetik, egin diren eskuineko politikek nekazaritzaren gainbehera eta baserritarren bizi ezina ekarri dute. EHNEren helburu nagusi den baserriari eutsi beharra bete ezinezko helburu suertatu zaigu. Eta sektorean txertatu diren eredu alternatiboek, bilatu arren, ez dute lekurik aurkitu gure erakundean.

Bestetik, sektorea egituratu nahian, albo egitura ugari sortu ditugu, askotan duplizitateak sortzeraino. Ezintasunak nagusitu zaizkigu. Helburu ideologikoak gauzatzeko behar luketen tresnak izatetik bakoitzak bere burua salbatzeko «edozer da baliagarria» izatera pasa dira kasu askotan, eta bakoitzak bere «botere guneak» aurrera atera nahi horretan liskarrak sortu dira.

Nekazari berri eta gazteengana iristen ez dugu asmatu. Hauetako askorentzat gaur egungo sindikatua ez da baliagarria eta ez dira gerturatu.

Egitura berria parte-hartzailea, integratzailea eta irekia: Horregatik, eta sektorean, eta oro har gizartean, gertatzen ari diren aldaketetara moldatzeko egitura zaharkitua gelditu zaigu. Garai berriek tresna berriak behar dituzte. EHNE agortu da, eta egitura berria sortu behar dugu, ideologizazio lana egingo duena eta demokratikoa izango dena, parte hartzailea, eraginkorra, ezkerretik eraikiko dena, eta nekazarientzat eta gizartearentzat baliagarri izango dena. Baserriaren eta nekazaritzaren alde arituko den sarea sortzeko gai izango dena, herrialdekako antolaketa gainditu eta nazio mailako ikuspegia izango duena.

Nekazarien eragiteko gaitasuna ez da kuantitatiboki neurtu behar, kualitatiboki baizik. Gutxi gara, baina eremu zabala kudeatzen dugu. Ez gara asko, baina kontuan hartu beharreko sektorea gara. Eraiki bidean den gizarte eredu berri horretan, lehen sektoreak izan behar duen funtzio ekonomikoaz eta lanpostu sortzaileaz sentsibilizatzeko gizarte masa handi eta eraginkor bat behar dugu. Hainbat eragilerekin elkarlanean, nekazariei eta nekazaritzari dagokion esparrua eraikitzen joateko, gizartea, nekazariek betetzen duten funtzioaz jabetu dadin, eta aldi berean gure aldarrikapenetan lagundu diezagun.

Gure oinarri ideologikoekin bat egiten duen edozeinek izan behar du lekua egitura berrian, izan baserritar edo ez, nekazaritza-zale bada. Masa kritiko zabala sortu behar dugu, nekazariez gain, gure ekoizpen ereduarekin bat datorren gizarteko eragile ezberdinekin batera, sektore honen eta herri honen elikadura burujabetza eskubidearen defentsan arituko den masa sozial ahalik eta zabalena, herri berria eta gizarte eredu berria eraikitzen, ahalik eta eragiteko gaitasun handiena lortzeko bidean eraginkorra izango den egitura. Abiatu dugun prozesu hau geldiezin bihurtu behar dugu.

Nekazarien funtzioa ezinbestekoa da edozein herrirentzat, beronek burujabe izan nahi badu. Iraunkor eta jasangarri izan nahi duen edozein gizartek, elikadurari eta kalitatezko elikagaiak sortzeari lehentasun osoa eman behar dio.

Burujabe izateko bidean, krisi ekonomiko, sozial, politiko eta identitario honetan, aukera paregabea dugu nekazaritzatik herri honen eraikuntzan gure kimuak txertatzeko.

Oinarririk gabe, nora ezean dabilen gizarte baten parte gara. Eraikitzen ari garen herri eta gizarte eredu berrian, nekazaritzatik ere eragiteko garaian gaude.

Hau da baserritarron garaia, baserrizaleon sasoia, badatoz aldeko haizeak, prest dugun lurrean ereiteko garaia iritsi zaigu. Erein dezagun bada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo