GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

2013KO DIADA, BESTE URRATS BAT KATALUNIAKO PROZESUAN

Rajoyk hala aginduta, Gobernuak ez dio Diadari erantzunik eman

GARA | BARTZELONA

Oraingo honetan, Diadak mahai gainean jarri duen erronkari lasaitasun itxura emanez erantzutea erabaki du Gobernu espainolak. Adierazpen nabaria goizean egindako ekitaldi instituzionalean gertatu zen. PPko ordezkariak ez ziren bertan agertu, estreinako aldiz; Gobernu espainoleko ordezkariak, ordea, hartu zuen parte, Llanos de Lunak hain zuzen.

Jakina da Mariano Rajoyk Artur Masekin hitz egin duela azken bolada honetan. Alabaina, presioa arintzeko asmoz egindako keinua baino ez da izan, herri galdeketaren aldarrikapenari erantzun positiborik ez baitio eman. Argitara eman denez, Rajoyk berak liskarrak ekiditeko agindua eman die ministroei, eta ohi baino zuhurrago eta isilago ageri dira oraingo honetan.

Jokamolde horri jarraituz, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak desio onak baino ez zituen erabili Kataluniako aldarrikapen politikoaren aurrean. «Gaurkoa guztion Diada izatea nahiko nuke, guztiak direlako kataluniarrak eta guztiontzako gobernatu behar dugulako», esan zuen goizean Madrilgo Kongresuan.

Rajoyren gobernuko presidenteordearen esanetan, «jendea batzeko gaude politikariak, ez jendea banandu eta zatitzeko». Konstituzioan dagoen ereduaren alde agertu zen, agiri horrek «espainiar guztiontzako elkarbizitza esparrua eta ongizatea» ekarri duela gaineratuta.

Konstituzioa hartu zuen ahotan Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak ere Diadaren gainean galdetu ziotenean. Bere hitzetan, Konstituzioa da denari legitimitatea ematen diona eta horrek markatzen du «joko zelaia. Guztiok errespetatu behar dugu, beraz», eskatu zuen.

Kanpo Arazoetako ministro Jose Manuel Garcia-Margallok ere ez zuen inolako haserrerik piztu nahi izan, eta aurtengo Diadarako antolaturiko giza-kateaz galdetuta, «adierazpen askatasunaren froga» dela esan zuen, besterik erantsi gabe.

UPyDren ustez, eskasa

Ika-mikak ekiditeko irizpideari gogoz heldu zioten, beraz, PPko ordezkariek, eta horrexegatik erantzuna epela izan dela salatu zuen UPyDk.

Asteartean Garcia-Margallok berak egindako hitzei erreparatu zien UPyDk. Kazetariekin izandako gosari batean, Kanpo Arazoetarako ministroak «Katalunia Espainian sartzeko bidea bilatu» behar adierazi zuen, eta honek Rosa Diez alderdikideen harridura piztu du.

Rosa Diezek berak galdera egin dio Garcia-Margallo ministroari Kongresuan. «Kataluniaren egungo egoerak Espainian sarbiderik ez duela uste al du Gobernuak?», dio galderak, Europa Press agentziak jakitera eman zuenaren arabera.

Garcia-Margallok Estatu espainolaren barne lurralde-antolaketa berrikusteko aukera aipatu zuen gosarian, nahiko era nahasian, baina edonola «Espainiaren batasunari eutsiz». Finantziazio ereduaz eztabaidatzeko aukeraz mintzatu zen Kanpo Arazoetarako ministroa.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo