40 urte igarota, Allende txiletarren gogoan
Duela 40 urte eta egun bat Txile errepublika demokratikoa zen. Herritarrek hautatutako Gobernuak, krisi ekonomiko latz bat eta eskuinaren oztopo ugariak gorabehera, herrialdea bere ondasunen jabe izateko eta aberastasuna hobeto banatzeko bideari ekin zion. Baina militarrek, munduko herrialderik boteretsueneko Gobernuak xaxatuta, txiletarren eskubide eta askatasunak trenkatu zituzten brastakoan, zakar, su eta gar. Diktaduraren ostean, hainbat eskubide eta askatasun berreskuratu zituzten; hala ere, diktadurak utzitako desberdintasun ikaragarriek beren horretantxe diraute, eta milaka lagun hil, desagerrarazi eta torturatu zituztenen ondorengoek ahaztura aldarrikatzen dute; esate baterako, datorren azaroan izango diren hauteskundeetarako eskuineko hautagai Evelyn Mattheik. Sebastian Piñera herrialdeko presidenteak, berriz, aste honetan esan du Pinocheten diktadurak eragindako giza eskubideen urraketa onartezina izan zela. Hala da, baina onartezin eta justifikaezinak dira, era berean, Piñeraren hitzak, Txileko estatu kolpea «zuzenbide estatua urratu» zuen Gobernu baten testuinguruan kokatu baitzuen.
Estatu kolpetik berrogei urte igarota, Salvador Allendek bultzatu zituen gizarte neurriak gero eta herritar gehiagok -oraindik diktaduraren ondorioak jasaten dituztenak- eskatzen dituzte, baita hura ezagutu ez zituzten askok ere.