GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Izaera primitiboaren xarma

Batzuetan harrituta geratzen naiz kantua zinez zein ekintza oinarrizkoa den; Mikel Markezek lehengoan esan zidan bezala, «dena bibrazio hutsa da». Soinua horixe baita: airearen dardara soila. Kantariak eztarri kordak bibrarazten dituelako mugitzen da berez laua zen airea, eta bibrazio horiek gugana ailegatzean entzuten dugu zarata (musika).

Eta zer da ba kantari bat agertokiaren erdian? Gauza primarioa eta kasik basatia: izaki bat jaio zen bezala hilko dena eta eztarriko kordak artez eragiten dituena entzuleek bibrazio soil horiekin atsegin har dezaten. Ezin da ekintza humano soilagorik inon aurkitu. Ekintza txiki hori sofistikatzeko ahalegin guztiak dira printzipio sinple beraren bariazio hutsak (eta agian alferrikakoak). Biolin bat ez da eztarrietako kordengandik ezberdina, eta putz egin behar zaion tronpetak ere, logika bera du oinarri: haizearen dardara.

Watt-ak erantsi dizkiogu kantuari, kantaria fokuen azpian ipini dugu eta haren inguruan ikuskizun (ustez) erakargarri bat sortu, kantuaren izate primarioa jendea asetzeko nahikoa ez delakoan. Ezer ez da nahikoa, antza, burrunbaren jendarte hiperaktiboarentzat.

Horregatik bereziki harrigarria suertatu zitzaidan lehengoan Mikel Laboaren gitarra eskuen artean hartzea. Zer da ba gitarra bat: egurra eta sokak. Eta haiek joko (erreparatu «jo» aditzari) dituzten atzamarrak. Hori besterik ez.

Eta begiak ixtea eta Mikel zenaren lurretik sortutako eta lanbroa zeharkatutako kantu singleak entzutea, euria entzun daitekeen bezala, edo piztia bakarti baten ulua, edo bi txorien arteko maitasun jolasak. Artifiziorik gabe, modernotasunaren pozoiaz libre.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo