Beskoitzeko Ikastolaren sorrera oztopatu nahian ari da suprefeta
GARA | BESKOITZE
Omiasainduko oporretarako Beskoitzen ikastola berria izango zela jakinarazi zuen Seaskak, ikasturte hasieran eginiko agerraldian. Astebete igaro da geroztik, eta ostiralean «Euskal Herriko Kazetak» zabaldutako berriaren arabera, Patrick Dallennes Baionako suprefetak, joan den irailaren 2an auzapezari bidalitako gutunean, Beskoitzeko udaletxeak ikastola berria eraikitzeko hartutako deliberoa bertan behera utz dezala eskatu zuen. Izan ere, uztailaren 9an, Beskoitzeko Ikastola eta Ikastolen Egoitza elkarteekin hitzarmena izenpetzearen alde egin zuten zinegotziek. Beskoitzen ikastola bat eraikitzeko 530 metro karratuko lurzorua utziko zuen Udalak. Ikastolak, aldiz, hilero, 300 euroko alokairua ordainduko zuen, sei urtean behin berritzekoa zen hitzarmen horren arabera.
Irailaren 2ko gutunean, ikastolak irakaskuntza pribatuko eskolak zirela gogoratu zion Dallennesek auzapezari. «Eskolaren estatutua edonolakoa izanik ere, diru-laguntzak eta egoitza edo lur publikoak ematea debekatuta dago». Juridikoki, herriko etxeak salmenta baino ezingo luke egin, «merkatuko prezioan», gainera, suprefetak ohartarazten zuenez.
Nolanahi ere, Beskoitzeko ikastolak ateak ireki ditu egoitza pribatu batean. Seaskak ez zuen Hendaian gertatutakoarekin lotura egin, eta oraindik «gauzak aldatzen ahal» direla esan zuen.