GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Haizea dela, haizea!

Olinpikoa! Lehengoan marearen olatu horiek hartu zuten kostaldea, Kataluniako barnealdea bera ere bustiz. Luzerako busti ere. Lurrak horitu, ongarri bikaina gero! berdearen monopolioa ez betikotzeko. Halako marea aurreikusteko ez zen zertan iragarle izan, haize berriaren norabide sanoari jaramon egitea besterik ez da behar. Osasunez. Baina itsu larregi dabil iragarle lanetan, haize-orratza zoru antzuan ainguratuta. Tira, han gertatzea espero zena hasia da gertatzen, haizea lagun. Kontagailua abian da! esango luke baten batek. Meteosat lekuko. Sateliteen elkarretaratzea izan omen zen hango bertikalean, unearen horia iruditan gozatu nahian. Planetako hainbat grabitate-zentrotatik jakin-minean begira, gerora Europan izan daitekeen matazari neurria hartzen edo. Ebrotik beherako Estatu zer horretako zentroan, ostera, grabitateari zelan eutsi ezin asmaturik dabiltza; kontagailua zezen-larruaren iparrera eramanda, zelan demontre izan den posible eskuz aldatu eta ipar-ekialdean abian jarri izana ulertzera heldu ezinik. Haizea dela, haizea! Eurek ere ez zuten gaindituko unibertsitate-beka eskuratzeko jarri duten nota muga.

Ia bostehun kilometroko sigi-sagako lerroa. Horia bai, baina aurreranzko berdea markatzen duena, stoparen gorria bazter utzita. Ehunka mila gorputz han eta horiek halako bi esku, gutxi gorabehera. Atera kontuak zenbat arima ziren han!, seguru gorputzak baino gutxiago, baina hori beste kontu bat da. Eskurik esku kateatuak. Kateak, batzuetan, atea zabaldu dezakeen abisua, are gehiago haizea lagun. Tira, harira! begira zelako olatua izan zen hangoa, beheko Estatuko Kongresua bera ere busti zuen-eta: itoginak! Horrenak egin du, egunez egun egin ere. Tira, beti geratuko zaie kafesne bat beren plaza nagusian.

Ez ninduke harrituko Kongresu hartan epe motzera estalaktitak ikusteak; telebistaz betiere. Hortaz, lehengoan Gasteizeko legebiltzarkide batzuk Praileaitzeko kobazuloetan barrena joan ziren. Nabaritu egingo zuten kanpoko eta barruko giroaren aldea; Legebiltzarraz nabil orain. Zer topatuko ote dute hamar mila urte barruko arkeologoek Legebiltzarreko zuloetan? Bake-ponentziaren arrastorik ote? Estatus berriarena? Zer pentsatuko ote dute horko xamanaren argiaz? Gauza bat segurua da, orduko mundu-mapak kolore gehiago izango ditu. Haizea lagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo