GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Emilio Zubia, Elena Martinez, Efren Areskurrinaga UPV/EHUko langile eta EILASeko kideak

Alarmarako zantzuak gure unibertsitate publikoan

Behar dugun mezua da botere publikoek unibertsitate autonomia bermatzeko beharrezkoa den finantziazio nahikoa eta egonkorra bermatu behar dutela

Eusko Jaurlaritzak UPV/EHUri emandako diru baliabideak jaisten ari dira urtez urte, 2011. urtetik hona, modu oso kezkagarrian, larrian, zehatzagoak izateko. Aurten 40 milioi euroko murriz- keta izan da, 90 milioi gutxiago jada 2010etik hona. UPV/EHU-ren aurrekontua 2007ko mailara jaitsi da. Horren ondorioz unibertsitateko sail, ikastetxe eta liburutegiaren aurrekontua %44 murriztu da. Horrela ezinezkoa da eman beharreko zerbitzu publikoa normaltasunez eta orain arte lortutako kalitate mailan ematea, bai irakaskuntza bai ikerketa mailan. Hondamendira goaz, murrizketek jarraitzen badute.

Unibertsitate publikoa erakunde estrategikoa da gure herriarentzat eta horren jakitun jokatu eta hura babestu behar dute botere publikoek. Are gehiago, gauden egoera honetan. Krisi gogorraren garai hauetan zein da familia batek behartuta baino murriztuko ez lukeen gastua? Nehork ez luke murriztuko aitonaren botika edota alabaren hezkuntzarako gastuak. Erdizka hartutako botikak ez du sendatzen eta hezkuntza orduak eta honen kalitatea murrizteak gure seme-alaben etorkizun aukerak moztea da.

UPV/EHU gure herriko unibertsitate publikoa da. Bere sorrera ez zen erraza izan, kostatakoa baino, eta oso hurbilekoa da, 1980koa. Ordura arte Deustuko eta Opus Dei-ko unibertsitateak baino ez ziren. UPV/ EHUren sorreraren aurretik ia ezinezkoa zen unibertsitate ikasketak burutzea langile arrunten seme-alabentzat. «Langilearen semea unibertsitatera» zen 70ko hamarkadako lelo nagusienetakoa (Euskal Herrikoa eta Euskal Herrirakoa zen beste ardatz nagusia). Lelo bera errepikatu beharko dugu kaleetan berriz hiru hamarkada ondoren?

Baliabide natural urriak dituen herrialde batek zer egin dezake aurrerabidea lortzeko, hezteko nahia eta gaitasuna lantzea eta balio erantsi handiko produktuak ekoizteko nahia bultzatzea baino? Zelan lortu nahi hori hezkuntza sistema on bat izan gabe, ondo hornitutako unibertsitate sendo publikorik gabe?

Kalitatezko hezkuntza publikoa da, eta etorkizunean ere hala izango da, krisi egoeratik ateratzeko gakoetako bat. Ez da izango gako bakarra, ados. Baina ezinbestekoa izango da gizarte berdintsuago eta orekatuagoa izateko bidean eta be- launaldi galdurik ez izateko helburuan. Milioika euro xahutu dira -eta horrela jarraitzen dugu- beharrezkoak ez ziren edo bideragarriak ez ziren azpiegituretan, eta ez dago 40 milioi gure herriko unibertsitate publikoak egungo maila mantentzeko gutxienez? Kalitatezko unibertsitate publikoa behar bezala diruz hornitzea herria eraikitzea da zalantzarik gabe, egun gure botere politikoek lehentasunezko jotzen dituzten beste ekimen asko baino gehiago.

Ikasturtearen irekiera ekitaldian errektoreak kanpoko baliabideak, eta zehazki emariak, lortzeko beharraz hitz egin zuen. Errektoreak gai asko aipatu zituen, baina sektore batzuek ildo hau nabarmendu dute: finantziazio pribatua unibertsitate publikorako.

Finantziazio pribatuaren inguruko eztabaida eta bertan parte hartzeko bideak irekitzea botere publikoek unibertsitate publikoari eman beharreko finantziazio nahikoa konpondu gabe dagoenean tranpa arriskutsua egitea da. Mezuak ez du izan behar «unibertsitateak emariak behar ditu finantziazio publikoa nahikoa ez delako», titular batek zioen bezala. Behar dugun mezua da botere publikoek unibertsitate autonomia -hitzaren adieraren osotasunean- bermatzeko beharrezkoa den finantziazio nahikoa eta egonkorra bermatu behar dutela. Hori da ezinbesteko oinarria UPV/EHU nahi duguna izateko: euskal herriaren, bere biztanleen zerbitzura dagoen unibertsitate publikoa bikaintasuna bilatuz alor guztietan, bai irakaskuntzan bai ikerketan bai bere eginbehar etiko-sozialean ere, gizarte osoarekin konprometituta, ez enpresekin soilik.

UPV/EHUko langileok ez gaude egungo testuinguru latz honetatik kanpo. Amorratu egiten gara boterea eta dirua dutenak burutzen ari diren bidegabekerien aurrean. UPV/EHUko langileok ere sufritu ditugu krisiaren aitzakian hartutako neurri bidegabeak: soldata jaitsiera 2010ean eta izoztea geroztik, eta 2012an soldata jaitsiera berriro abenduko ordainsari berezia kentzean. Aurten sail, ikastetxe eta liburutegiaren aurrekontu murrizketek sortzen dituzten arazoei aurre egin behar diegu ematen dugun zerbitzu publikoa ematen jarraitzeko, eta erakundearen funtzionamendua bermatzeko.

Baina arazoa ez da bakarrik soldata jaitsierak eta lan kargaren igoera. Irakasleak, ikerlariak, ikerkuntzan laguntzeko kontratatutako pertsonala, administrazio pertsonala, kontratutako pertsonal guztia orokorrean, unibertsitate publiko batek merezi ez dituen soldata, ordutegi eta lan karga jasaten ari dira. Edozein aurrekontu murrizketa berrik nabarmen okertuko ditu irakaskuntzan eta ikerkuntzan aritzeko baldintzak eta lanpostu ugari kolokan jarriko ditu, bereziki gure unibertsitatean egoera prekarioenean daudenena.

STEE-EILASen ez dugu onartuko muga hori gainditzea. Eta hala gertatzen bada, UPV/EHUko bake soziala bukatuko da. Unibertsitate publikoaren defentsa egiteak arduraz jokatzea eskatzen du. Baina botere publikoek murrizketa bide hau zuzentzen ez badute, UPV/EHUko langileok ez dugu zalantzarik izango kalean borrokatzeko, orain arte egin dugun bezala, baina baita campusetan ere, murrizketa horien kontra eta gure lanpostu eta soldata duinen alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo