«Amerikanuek» beren istorioa berpiztu dute Donibane Garazin
Istorio luze bat izan zen, Ipar Amerikara joan ziren euskal gazteentzat. Gehienak artzain bizi izan ziren, hango basamortuetan. 2006tik urtero egun berezi bat antolatzen du Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak, iragandako urte horiek oroitu eta bizipenak berpizteko. Atzo seiehun bat «amerikano» batu ziren Nafarroa Behereko hiriburuan. Adiskide zaharrekin elkartu eta omenaldia jaso zuten.
GARA |
«Gure ainitz laborari etxaldek hedapen handi bat bihurtu dute, bai etxebizitza berritze, bai tresna eroste, bai hazkuntza emendatze, ez ote da horiei esker? Ez ote da horiei esker anitz kooperatiba, tresna etxe, ofizial etxe, diru etxe?». Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak ohore egiten die Ipar Amerikara etorkizun hobe baten bila jo zuten euskaldunei. Horretarako, bertzeak bertze, besta bat prestatzen du urtero, «adiskidantzako egun bat». Honakoa dute xedea: «Elkarrekin Euskal Herriko historiaren zati berezi hori arrapiztea, heldu diren belaunaldiei indar emaiteko, ez daitekeela Euskal Herririk eraiki bere kabuz baizik eta elkartasunean».
2006. urtean Lesakan hasi, eta Aldude eta Gernika (2007), Elizondo (2008), Auritz (2009), Sunbilla (2010), Eugi eta Zubiri (2011) eta Iruñea (iaz) bisitatu ondotik, Donibane Garazira ailegatu zen atzo euskal artzainen topaketa. Euskal Herri osoko seiehun bat lagun bildu ziren goizean goizetik, kontu zaharrak oroituz eta adiskide artean besta pixka bat eginez egun eder bat pasatzeko.
Ameriketan bizi izan diren edo bizi diren artzainak eta familiak elkartu ziren. Horien artean, 1939an Ezterenzubin, Garazin, sortu eta 22 urterekin Phoenixera (Arizona) joan zen Mattin Etchamendy. Barkersfielden, Kalifornian bizi da eta bere artzain eta emigrante testigantza 2012an argitaratu zuen «Urruneko mendebaldean artzain» liburuan. «Kazeta» egunkariko Gorka Albisturri kontatu dio bere istorioa elkarrizketa batean, euskara garbi-garbian. Albisturrek dioenez, «okey» erranen ez balu, ezinen litzateke asmatu Ameriketako Estatu Batuetan bizi dela mende erdi bat baino gehiagotik.
Haur denbora Ezterenzubin
«Kazeta»-ko elkarrizketan, «biziki haur denbora ederra» izan duela gogoratu du Mattin Etchamendik: «Ezterenzubi biziki herri airosa da. Ene haurtzaroko egun ederrak han iragan ditut, neure mendi ederren artean. Arras maite dut sorlekua. Izan da garai bat niretzat mundua han hasia eta han bukatzekoa zela pentsatzen nuena. Ene zorionezko bizia hori zen, ez nuen besterik amesten. Baina eskolara jitean, ohartu nintzen zerbait ikasteko mundu zabalera joan behar nuela».
Azaldu duenez, etxean anitz aipatzen ziren Ipar Amerikako mendebaldea eta hango artalde handiak. Otto Eñaut, aitaren anaia gaztea, Arizonan zen, eta haren gutunak jasotzen zituztenean paraje urrun haietara bidaiatzen zuten ametsetan. «Neure goxotasunean izanik ere, ideia bera heltzen zitzaidan: zer izango litzateke neure geroa Ameriketara joango banintz?». Ideia hori beti etortzen zen gaztearen burura. Ezagutzen ez zuen zerbait ezagutu nahi zuen. «Bertzeek egiten badute, nik ere eginen diat, pentsatzen nuen. Abentura bizi nahi nuen».
22 urterekin, Arizonara
Abentura goseak bultzaturik, soldadu joan aitzinetik paperak prestatu zituen. Bi urte eta lau hilabete iraun zuen soldaduskak eta bukatu zuenean, prest ziren agiriak. Hilabeteren buruan, irailaren 15ean, Parisen hegazkina hartu eta Phoenixera iritsi zen, Los Angelesetik pasatuz. Otto Eñautek etxean hartu zuen. Mattinek bazituen bertze bai anaia ere, bat osabarentzat artzain ibiltzen zen; bertzea, aldiz, bere artaldearekin. «[Azken hau] neure lehendabiziko nagusia izan zen. Bere anaia ttipia bezala tratatzen ninduen, baina hura hamar urte nituelarik joan zen. Niretzat arrotza zen eta nagusia bezala tratatzen nuen», oroitu du Mattinek.
AEBetara ailegatzean zerk harritu zuen galdetu dio Gorka Albistur kazetariak eta hala erantzun dio Etchamendyk: «Anitz irakurri nuen Ameriketara etorri aitzin, entzuna nuen basamortu eta gaineratekoaz. Baina, Phoenixen ateratzean, apaleko basamortuak `xokatu' ninduen. Basamortu horiek itsasoaren nibeletik ez direnak hain gora, eta uste nuena baino bortitzagoa aurkitu nuen. `Hau leku idor deabrua' pentsatu nuen».
Artalde handi bat izatea «ohore bat» da berarentzat. Ardiak zaindu behar dira, anitz ibiltzen dira, baina basamortuan libertatea bizitzen dela dio: «Ez da inor, ez da ezer, zu zara jainkoa». Anaiak bi mila ardi zituen eta orain hiruzpalau mila ditu Mattinek, talde desberdinetan. Aitortu duenez, lehen «harreman idorrak» zituzten ekologistekin; orain, ordea, ongi konpontzen dira. Nabarmendu duenez, artzainek naturari inork baino gehiago kasu egiten diote.
Eta bukatzeko, galdera handia: «Lortu duzu Ameriketako ametsa?». Mattinek kontent erran du baietz, gustuko artalde ederrak dituela eta desiratu zuen ametsa bururatu duela.
Mattin Etchamendy ezterenzubitarra abentura bizi nahiak eraman zuen Ameriketara. Ezagutzen ez zuen zerbait bizi nahi zuen. «Bertzeek egiten badute, nik ere eginen diat», pentsatu zuen.