berria | Gurutze Izagirre 2013/9/19
Lanera joan eta hil
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean dago jasoa: «Pertsona guztiek dute lanerako eskubidea, bere lana askatasunez hautatzeko eskubidea bidezko eta egoki diren baldintzetan, eta langabeziaren kontrako babeserako eskubidea». Baina kontua da hemen eta gaur lanera joaten den jendea hil egiten dela. Ia ez gara harritu ere egiten albisteetan lanean pertsona bat hil dela entzuten dugunean, baina normaletik gutxi du horrek. Lasarteko 33 urteko gazteari egokitu zaio azkena. Gidatzen zuen kamioiko balaztek huts egin diote, sindikatuen arabera.
Txanponaren beste aldean langabezian dagoenarena: gizonezko batek bere buruaz beste egin du Altsasun, eta, LABen arabera, Sunsundeguin berriz lanean hartuko zutela hitzeman eta ez hartzeak eragin nabarmena izan du gertaeran. Benetako dramak ezkutatzen dira enplegu bulegoen aurrean ilarak egiten dituzten pertsonengan.
Egiturazkoa da arazoa, batarena zein bestearena. Zenbat hildako gehiago beharko ote dira irtenbidea ere egiturazkoa izan dadin?