GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

argia | Xabier Letona 2013/9/19

EAJ-PSE, esparru baten bidea

(...) Ikuspegi sozialetik bitxia bada ere, ikusten denagatik, PP errazago erakarriko dute akordiora, sindikatu eta bestelako eragile sozialak baino.

(...) akordioan ez da antzematen Madrildik PP egiten ari den suntsiketa prozesuaren aurkako inongo jarrerarik. Hortik zalantzak.

Mesfidantza ugari. Akordioaren hasieran bankuak egiten dira bizi dugun krisiaren erantzule nagusi, eta hauen ibilera zehazki arautu beharraz ere mintzo dira lehen lerroak. PSOEk ezer gutxi egin zuen esparru horretan Madrildik, eta egin zuena kutxen sare publikoa pribatizatzeko izan zen. Hemen ere Kutxabank-en sorrerak, euskal kutxen izaera publikoa ahuldu du. EAJ eta PSE-EE ez dira krisiari aurre egitera datozen alderdi berriak, beraiek gobernatu dute EAE azken 25 urteetan. Beraiek ahalbideratu dute orain arte EAEn EBko zerga presio txikienetakoa izatea eta orain arte ez da zerga iruzurraren aurkako politika eraginkorrik egin (orain arte, funtsean, iruzurgile edo ahalezko iruzurgileen borondateari dei egin zaio, hiritartasunaren izenean iruzurrik egin ez dezan eskatuz). Ongi etorri aldaketarako asmoa, baina zergatik sinetsi behar orain?

(...) oraintsu arte lehentasunezkoak ziren bakea eta normalizazio politikoa, eta bi alderdi hauentzat hala ez dela frogatzen da itun honekin. Eusko Legebiltzarreko bakearen batzordean gertatutakoak ikuspegi hau indartzen du.

Burujabetzaz zer? Akordio honek argi finkatu du EAJren lehentasun esparrua, nahiago PSOErekin EH Bildurekin baino. Hau da, nahiago egungo Gernikako Estatutuaren egonkortasuna, bide berriak jorratzearena baino. Gainera, Otegi baino berdintsuago sentitzen du Lopez. (...)

Orain, paperetik praktikara egin behar, eta gainera emaitzak lortu. Hori gaitzagoa da. EAJk eta PSE-EEk apustu sendoa egin dute, zilegi da eta ez da zalantzarik herri honetako korronte zabal batentzat bide hau gustukoa eta erosoa dela, are gehiago krisi garai honetan.

Independentismoak bere bidea normaltasun berdinarekin jorratzen duen egunean, orduan, urrats handia emango da herri honetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo