GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

kazeta.info | Xabier Soubelet 2013/9/17

Pürak eta modernoak

(...) Igandean René Cassin Baionan pastorala ikusi nuen eta bere modernismoak eta probokazione ttanttak artikulu hau idaztera bultzatu nau, aspaldiko gaia pil-pilean dagerkigulako.

Segur naiz betiko pürek ez dutela maitatu izan René Cassin pastorala, Pier Pol Berzaitzek idatziriko pastoralak ez zaizkien gustatzen bezala, biak, ohiko bide tradizionaletik ateratzen direlako. Ba, niri biziki gustatu zaizkit beti haize berria daukaten pastoralak eta azken honetan ere (...) dena, baita ere Baionan egitea, Monzon pastorala Bergaran egin zen bezala, baina hau ere tradizio haustea ote da?

Zer da püra izatea? Irun eta Hondarrabiko alardean neskak baztertzearen aldekoa izatea? Euskal dantzetan berrikuntzaren aurka egotea? Baztango mutil dantzetan nesken presentzia ez onartzea?

Pürago iduriko litzaidake horiek guziek aspalditik galdu dituzten balio kulturalak berriz eskuratzen balituzte, hala nola euskara, euskal kantua eta dantzak, gure izatearen funtsa derakustenak, gehienetan, euskaltasunetik urruntzen direnak tradizioaren defentsatzaile amorratuak bihurtzen baitira.

Beste batzuk aldiz ulertzen ditut tradizioaren errespetua dute argudio garrantzitsuarena. Hala ere, nik berehala hauxe erantzungo nieke: Eskerrik euskal dantzetan, orain mende bat edo, neskak dantza taldeetan sartuak izan zirela, batzutan gizon dantzak neskaratuak izan zitezen, beste batzutan dantza berriak asmatuak izan zitezen ere. Eskerrik neskak hor izan direla transmisioa segurtatzeko, bai kantuan baita ere dantzan, seme alabei erakutsiz lehenik, taldeetako haurrei bigarrenik eta eskoletan azkenik. Hala ez balitz, agian denak futbolistak izango gineteke, txarrak eta arrotzak. Milesker zuri emazte!

Gauzak aintzinera doaz eta horri esker folklore kulturala bizi-bizirik dago. Pentsa bertsolari guziak gaur egun adinekoak izan balira eta haien bertsoak lehengo parranda gaiez soilik josiak ? Pentsa euskara arau zuzenez idatzita ez balego eta Sabinianoek zioten bezala, ahozkatzen zen bezala idazten? Pentsa euskal dantzen etorkizuna gizonen eskutan soilik balego? Pentsa azkenik, kantu herrikoiaren geroaz herriko talde berriak sortu ez balira...

Modernitateak kulturari arnas berri bat ematen dio eta nahiz eta betiko gauzak aldatu, betikoak atxikitzen ditu, gaurko euskara modernoa betikoa den bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo