Gaikako bilketaren abantailak irudikatu ditu Arrasateko Zero Zabor taldeak
GARA |
Zabor bilketarako bi sistema parez pare jarri nahi izan ditu Arrasateko Zero Zabor taldeak. Batetik, hondakinak nahastuta jasotzen dituen zabor-ontzia, ondoan errauste planta duela, eta, bestetik, hondakinen bilketa selektiboa, zintzilikarioak irudi hartuta.
Hala, jendeari bi sistemen arteko desberdintasunen berri emateko parodia bat egin zuten ostiral arratsaldean udaletxearen parean. Errausketa plantak ekar ditzakeen osasun arazoez ohartarazi nahi izan zuten taldekoek, eta horretarako, musika lasaia jarrita, megafonia bidez sistema horrekin herritarrek minbizia izateko arriskuak gora egiten duela nabarmendu zuten. Bertaratutakoek mezuak entzuten zituzten bitartean, hainbat lagun esku-ohean etzanda zeuden zabor errausketak eragindako gaixoak bailiran.
Bestelako musika
Plazaren beste aldean, berriz, Arrasateko Zero Zabor taldeko lagunek hondakinen gaikako bilketa irudikatu nahi izan zuten, koloreen bidez. Atez ateko bilketa sistema martxan jarrita herritarrek sortzen dituzten hondakinen %80 birzikla daitekeela nabarmendu zuten. Mezu horri laguntzeko bestelako musika erabili zuten, txalaparta doinua esaterako.
Eguraldi makal eta bustia egonagatik ere, makina bat lagun bertaratu zen Zero Zabor taldeak antolatutako ekimena ikustera Udaletxe parera. Haur nahiz helduak plazan alde batera eta bestera begira ibili ziren bi sistemen arteko aldeak zeintzuk diren ikusten.