Julen MURGOITIO
Etiketarik etiketa
Lehengoan neurriko janari-denda batean izan nintzen, erosketak egiten, jakina. Apalategiz apalategi ibili nintzen, ikerketan, hartu, irakurri, erabaki. Izan ere, denbora dezente ematen dut halakoetan, salgaien etiketari erreparatuz, nondikoa, nolakoa... Tira, harira, demontre! Lehengo horretan ezustekoa hartu nuen, aurretik ez nuelako uste. Zera pentsatu nuen, zer egiten du atun-pote batek sukaldeko tresneriaren apalategian? Eta gainera ofertan! Jakina, oker nengoen, itun-pote bat zen. Ez dakit harriduraz edo bitxikeriaz, baina eskuan jaso, buelta erdia eman, poteari, zelan ez, eta etiketa irakurtzen saiatu nintzen, ondoan soka-mutur bati lotuta zegoen lupa baten laguntzaz, eskerrak horri, litro-hereneko ur botilen etiketako letra-tamaina handiagoa izaten da eta! Tira, harira! Pnvse markakoa zen, marka gero! Eta hara osagaien zerrenda: gatz gutxi, apenas piperrautsa beste, azukre asko, larregi, ozpina, zur-txirbilak, pipi-ura, alpapa, gorringoa, ukendu magikoa, lurrin transgenikoak gozagarriak beste, anti-oxidatzailea, musketa, almidoi-hautsa, azido-zuzentzailea, koloratzaile mota asko, kontserbatzaile mota gehiago, kea, kea, ke gehiago, zer zur klase behar du izan hainbeste ke ateratzeko? Total zerrendaren azkenera heldu gabe nengoela, denda ixteko abisua eman zidaten, eta apalera bueltatu nuen potea iraungitze-dataz jabetzeko astirik izan gabe. Lastima!
Hara!, etxera heldu, elikagaiak hozkailuan eta jakitokian saileratu eta telebista isiotu nuen halako batean. Hara, berriro! Hori bai gela dotorea, alfonbra gorria luzatuta, hamaika kameralari erdian, halako bi argazkilari bazterrean, halako hiru kazetari atzean, eta hiru gizon aurrean, hirurak etiketaz jantzita; ez dakit, baina, letrarik zegoen... Zinemaldia! egin nuen barrurantz oihu. Bai zera! Itun baten sinatzaldia zen. Ziklo aldaketaz egin zuen batek berba, ur-zikloa eta klima-aldaketa lotu nahian edo, latitude honetan hamabost urteko zikloak direla adierazte aldera. Argigarria. Ostia!, pentsatu nuen, aita santua buruan, eta segituan jo nuen egutegi batera: 2028an aukera baietz izango! 2043ra arte gutxienez! Seguru gaia trending topic izan dela aste honetan Guantanamokoen artean, preso izan edo zelatari izan. Ama, ama! Nik potea gogoan. Nongo made in izango zen!