GARA > Idatzia > Kultura

Barne (eta kanpo) mamuen inguruan bueltaka Sail Ofizialean

Denis Villeneuve zuzendari kanadarrak berak aitortu zuen: batzuek maitatu eta beste batzuek gorrotatuko duten filma da «Enemy». Urrezko Maskorra lortzeko lehia abiatu zuen lan honek ez zuen inor hotz utzi; «Pelo malo» venezuelarrak, ordea, ez zuen apenas inor ase.

p047_f02.jpg

N.B.-A.E. | DONOSTIA

Jose Saramago idazle portugaldarraren «O Homen Duplicado» eleberrian oinarritutako filma ekarri du Denis Villeneuve zuzendariak Sail Ofizialera, «Enemy». Kontatzen duen istorioa film askotan ikusi izan dugu: norberaren izaeraren bikoizketa. Zuzendariaren esanetan, zinemak norberaren beldurrak aztertzeko bide bat da, eta film honekin «ispiluan ikusten dugun munstroari diogun beldurra» erakutsi nahi izan du.

Aktoreen inplikazioa eskatzen zuen filma ere bada. Sarah Gadonek azaldu zuenez, bera benetan erakarri zuena zuzendariaren asmoa izan zen. «Gure identitatean ikertzea nahi zuen, gidoitik atera eta istorioan eragina izatea». Jake Gyllenhaal protagonista ere ederki aritu zen bere pertsonaia bikoitzaren azalean. «Pelikula hau joko laborategi bat da -onartu zuen zuzendariak-. Berari ideia hori gustatu zitzaion eta inprobisazio teknikak erabili ahal izan genituen».

Askatasun horri buruz ere mintzatu zen filmaren emanaldiaren ostean eman zuen prentsaurrekoan. «Duela urte batzuk `Next floor' izeneko film labur bat egin nuen, askatasun osoz. Erabaki nuen ahal nuen guztietan zinema askea egingo nuela, eta `Enemy' ideia horri jarraituz egin dut -azaldu zuen Villeneuvek-. Erantzunak baino galdera gehiago planteatzen dituzten filmak gustatzen zaizkit».

Era berean, aipatu zuen «Enemy» publiko murritz bati zuzendurikoa dela, batzuek maitatu eta beste batzuek gorrotatu egingo dutela. Zinemaldian, lehiaketaz kanpo, bere beste film bat ikusi ahal izango dugu, «Prisoners», atzo aurkeztu zuen filmarekin zerikusirik ez duena. «`Prisoners' komertziala da, eta hori egin izan ez banu, ezinezkoa izango zatekeen `Enemy' egitea», onartu zuen.

Horretarako aukera bikaina eman zion Niv Fishman ekoizleak, bereak baititu Jose Saramagoren liburuaren eskubideak. Honek azaldu zuenez, 2008an, idazlearen beste lan batean oinarrituta dagoen «Blindness» filma aurkeztu zuen Cannesen. Idazleari izugarri gustatu zitzaion eta «O Homen Duplicado» nobelaren eskubideak berari ematea erabaki zuen.

«Enemy»-k iritzi kontrajarriak sortu ostean, Sail Ofizialean ikusi ahal izan zen eguneko bigarren filmak, «Pelo Malo» venezuelarrak, oso gogorra izan arren, nahiko hotz utzi zituen ikusleak. Torontoko zinema jaialdian harrera ona jaso berria dela kontuan izanik, Mariana Rondonen hirugarren lanaren inguruko aurreikuspenak oso onak ziren -zuzendariaren aurreko lanek sari ugari jaso dituzte, horien artean Biarritzeko Besarkada saria jasotako «Postales de Leningrado» , besteak beste-.

«Pelo malo» filmean 9 urteko Junior haurra (Samuel Lange), besoetako anaiatxoa eta bere ama Marta (gaztea, alarguna, langabea eta biolentoa oso) Caracas izugarrian bizirik irauten saiatuko dira. Juniorrek eskolako argazkirako ilea lisatu nahi du, eta itxurarekin duen obsesio horrek amarengan (Samantha Castillo aktorea) homosexualitatearen kontrako mamu guztiak azaleratuko ditu.

«Intolerantzia» da, zinemagileak adierazitakoaren arabera, istorioaren gakoa. Amatasuna aztertzeaz gain -«bai Venezuelan bai Latinoamerika osoan emakume multzo handi bat dago hiriburu gogor hauetan haurrak aurrera ateratzen»-, istorioaren funtsean chavismoaren aurkako kritika antzeman daiteke, egoera politikoaren erreferentzia anitz agertzen baita eta guztiak kontrakoak.

«ENEMY»

«Zinema norberaren beldurrak aztertzeko bide bat da eta film honekin ispiluan ikusten dugun munstroari diogun beldurra erakutsi nahi izan dut», adierazi zuen Denis Villeneuvek

«PELO MALO»

«Lana Chavez gaixo zegoenean filmatu genuen. Politika, egoera publikoa bezala, gure etxe eta familietan sartu zaigu eta Venezuelako eguneroko bizitzan sekulako eragina du», Mariana Rondon zinemagilearen hitzetan

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo