GARA > Idatzia > Kultura

haur eta gazte literatura

Botilarekin gustura ibiltzen

p056_f01.jpg


Xabier ETXANIZ ERLE

Augustoren botila liburuaren orrietan barneratzen irakurleak herri ipuin kateatuen itxura hartuko dio berehala kontakizunari. Augusto dugu istoriotxo honetako protagonista; «Ibiltzen hasi zen, gustura, oso gustura gure Augusto. Eta ibili eta ibili, botila bat ikusi zuen». Hitz horiekin hasten da kontakizuna, eta Mitxelenak eginiko ilustrazioaz lagunduta. Bertan etxe soltez osaturiko paisai gris batean Augusto, horiz eta berdez jantzia, deigarri egiten zaigularik. Irudiak iradoki bezala, itxura bitxiko tipoa. Augustok botila erosiko du ez egarritzeko; gero motxila bat hau eramateko; ondoren bizikleta bat azkarrago ibiltzeko bizkarra nekatu gabe; auto bat ikustean, aldiz,... eta Augustoren bidaia, inora ez doan ibilaldia, etengabeko gehitze bat izango da harik eta istripu baten ondorioz hasierara, sinpletasunera, jatorrira itzuli arte. Eta bitarte horretan, Augustoren ateraldi, gogoeta eta burutazioen lekuko garen bitartean, Augustori gertatzen zaizkion kontu guztien berri izatean, guk geuk ere gora eta behera egingo dugu, Augustok bezala. Hori bai, guk ere amaieran ikasi egin beharko dugu ibiltzen, bizitzan aurrera egiten... «Eta ibiltzen jarraitu zuen, ibiltzen gustura, oso gustura gure Augustok. Bai horixe! Gure Augusto ez baitzen tontoa, tontoa ez zenez gero!».

Pello Añorgak eta Jokin Mitxelenak elkarrekin duten konplizitatea nabaria da liburuan zehar. Biek, kontakizunaren erritmoarekin, hitzen jolasekin, gehitzearen tentsioarekin, irakurlearen arreta erakartzen dute, istorioaz gozatze aldera. Hitz eta irudiaren arteko osaketaren ondorioz protagonistaren gertakariak hurbilagotik biziz. Eta horrela Augustoren botila hau, hasierako botilatik amaierako botilara doan kontakizuna, lasai asko ikusteko, kontatzeko istorioa bihurtu dute, bilakatu zaigu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo