GARA > Idatzia > Kultura

61 DONOSTIA ZINEMALDIA

Zugarramurdiko sorgin eta kondairek hartuko dute gaur Donostia, sari eta guzti

GARA | DONOSTIA

Gaurkoa Sail Ofizialean baina lehiaketatik kanpo aurkezten den «Las Brujas de Zugarramurdi» filmaren eguna izango da. Izan ere, proiekzioaz gain, bertan partu hartu duen Carmen Maura aktoreak Donostia saria jasoko du gaur gauean izango den galan.

Gonbidatu gehienak atzo iritsi ziren Donostiara: Alex de la Iglesia, Carolina Bang, Mario Casas, Hugo Silva eta Carmen Maura, besteren artean. Azken hau ordubeteko atzerapenarekin iritsi zen, baina arratsaldeko lehen orduetatik hasita hainbat neskatila elkartu ziren Maria Cristina hoteleko atarian gonbidatuen zain. Nolanahi ere, Mario Casas eta Hugo Silvaren zain zeuden batez ere han zain egon zirenak.

Filmaren lehen emanaldia 11.00etan izango da eta bigarrena, 22.00etan, Carmen Maurari aurtengo lehen Donostia Saria emateko izango den galaren ondoren, hain zuzen ere. Lehen egunean sarrerak agortu ez ziren arren, ez zen denbora gehiegi igaro guztiak saltzerako.

Atzo, gainera, komunikabide eta akreditatuentzako emanaldi berezirako sekulako ilara sortu zen. Donostiako Alde Zaharreko bi etxadi hartzen zituen 19.00ak aldera, saioa hasi baino ordu erdi lehenago, alegia.

«Las brujas de Zugarramurdi» filmean hiru gizonezko dira protagonistak. Etsipenaren etsipenez, Compro Oro denda horietako batean lapurreta egingo dute egunez Puerta del Sol zalapartatsuan. Taxi batean egingo dute ihes eta mugarantz joko dute hiru lapurrek. Mugara iristean, berriz, euskal sorgin batzuk agertuko zaizkie, eta, orain milaka urteko sorginkeria-ohiturei jarraiki, gizonezkoei adarra joko diete sorginok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo