61 DONOSTIA ZINEMALDIA | espainiako zinematografia saria
Juan Antonio Bayona zuzendariak jaso du aurten Zinematografia Saria
«Lo imposible» eta «El Orfanato» filmen zuzendariak, Juan Antonio Bayonak, Espainiako Zinematografia Saria jaso zuen atzo Donostiako Zinemaldian, Hezkuntza eta Kultura ministro Jose Ignacio Wert-en eskutik. Bayona, 38 urte dituena, inoiz sari hau jaso duen zinemagile gazteena da.
Estatu espainolean «tresna eta talentua» badaudela azaldu zuen bere hitzaldian, baina ez zaiela probetxurik ateratzen gaineratu zuen. Gainera, BEZaren igoerak eraginda eta pirateriari ez zaiolako behar bezala aurre egiten, estudio askok ateak itxi behar izan dituztela ere salatu zuen. Hori dela eta, «zinemak bizi duen egoera zaila» aintzat hartzeko eskatu zuen.
Bere gurasoei, aretoan bertan zeudela, egindako lana eskertu zien atzo zuzendariak. Emigrante behartsuak izan ziren eta ez zuten ia ikasketarik egiterik izan, baina beren seme-alabek ikasi ahal izan zezaten egin zuten ahalegina goraipatu zuen. Pairatutako gabezien ondorioz, hezkuntza gastua inbertsioa baino ez dela, «oinarrizko egia hori», ulertu zutela azaldu zuen Bayonak.