GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira

Euskal tiralariek zilarrezko eta brontzezko domina bana lortu zuten Herbehereetan

J.L.

Zilarrezko eta brontzezko domina bana lortu zituzten atzo euskal tiralariek Herbehereetan jokatzen ari den Lur Gaineko Europako Txapelketan. Atzo selekzioen mailako lehen eguna zen, eta aspaldiko partez euskal selekzioa ere parte hartzen ari da, nahiz eta Euskadiko Herri Kirol Federazioaren izenean aritu behar izan duten.

Mutilek 560 kilokoan lortu zuten zilarrezko domina. Lan bikaina egin zuten, baina finalean Suitzak hartu zuen mendean euskal selekzioa. Saio eder bat egin ostean sailkatu ziren finalerdietara, eta han Ipar Irlandako selekzioa mendean hartu zuen eta finalerako txartela eskuratu zuen. Beste finalerdian, berriz, Suitzak irabazi egin zion Herbehereetako selekzioari.

Ondoren, hirugarren eta laugarren posturako norgehiagoka jokatu zen. Hor Herbehereetako selekzioak irabazi zion Ipar Irlandakoari, eta brontzezko domina lortu zuen. Finalean euskal tiralariek bazuten garaipena eskuratzeko itxaropenik, baina ez zuten Suitza garaitzea lortu eta zilarrezko domina eraman zuten.

600 kiloko mistoan, euskal selekzioak finalerdietan sartzea lortu zuen, bederatzi taldeko ligaxka gainditu ostean. Hor, ordea, ezin izan zuen Herbehereetako selekzioa gainditu. Beste finalerdian, Suediak Ingalaterrari irabazi zion. Hirugarren eta laugarren posturako lehian, Euskal Herriak Ingalaterrari irabazi zion. Finala Suediak irabazi zion Herbehereetako selekzioari. Mutilak, 680koan ere aritu ziren, baina ez ziren bigarren fasean sartu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo