GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Iratxe Esnaola Informatika injeniaria

Whatsapp: Azkenekoz ikusia gaur 23:42an

Lau urteren buruan, Whatsapp-ek sekulako arrakasta lortu du: 300 milioi erabiltzaile izatera iritsi omen da. Arrakasta honen arrazoiak aztertzen ditu Iratxe Esnaolak artikulu honetan. Abantailak eta arriskuak aipatzen ditu, baita gazteen artean izaten ari den hedapen azkarrak gurasoengan piztu dituen beldurrak ere. Ezin aipatu gabe utzi, tresna honen bi ezaugarri nagusi: berehalakotasuna eta erantzungo diguten sentsazioa transmititzen duela.

Zein da Whatsapp-en arrakastaren giltza? Doakoa edo ia doakoa dela? Mezuek luzera-mugarik ez dutela? Naturalagoa dela SMSa baino? Eta zergatik sortzen du Whatsapp-ek nolabaiteko menpekotasun bat? Zergatik mantentzen gaitu adi, ea mezurik iritsi zaigun? Mezu kopurua igo delako? Mezu kopuru horretara ohitu garelako? Eta zergatik erakusten du nor dagoen on line? Zergatik erakusten du noiz konektatu garen azken aldiz? Eta zein lotura du horrek bere arrakastarekin eta sortzen duen lotura edo menpekotasunarekin? Ez da gehiegi ikertu gai hauen gainean, baina eskaintzen du hausnarketarako tarterik.

Whatsappen arrakasta zenbakitan: 4 urte daramatza merkatuan, 300 milioi erabiltzaile ditu egun, 32 hizkuntzatan dago erabilgarri (euskara barne) eta mugikorretako plataforma ezberdinetan erabil daiteke; egunean 11.000 mezu bidali eta 20.000 jasotzen ditu (taldeen eraginez); eta egunean 365 milioi argazki partekatzen dira Whatsappen bitartez.

Guraso askok adierazi izan didate euren seme-alabek Whatsappekin duten harremanarekin kezkatuta daudela. Une oro smartphoneari begira daudela. Adi daudela. Zain. Ez da harritzekoa. Gaztetxoentzat, euren zirkulu sozialarekin duten komunikazioa eta elkarrekintza da, une horretan, garrantzitsuena. Eta nerabezaroaren fase hori bizitzea tokatu zaienean, Whatsapp bezalako tresna bat dute eskura. Ezin dira komunikatuago sentitu. Ezta konektatuago ere. Talde ezberdinetan sartuta egongo dira eta sentituko dira komunitate txiki ezberdinetako kide. Baina whatsapp bat noiz iritsiko adi daude. Zain. Eta kezkarako bidea ireki, irekitzen du.

Baina adi eta zain egotea ez da gaztetxoen kontua bakarrik. Whatsappek badu zerbait. Badu erakartzen eta lotzen gaituen zerbait. Batzuek menpekotasuna eta adikzioa dela diote. Besteek indibiduo edo norbanako konektatuak garela gaur egun, komunikatzeko modua eta maiztasuna aldatu dela. Bi korronte horien oinarrian Whatsappekin lehen SMSekin baino mezu gehiago jaso eta bidaltzen ditugula dago. Eta mezu gehiago bidali eta jasotzean, konektatuago gaudela, hori denok onartzen dugu. Baina nola neurtzen da lotura edo menpekotasuna? Menpeko egiten al gaitu?

EHUn Psikologia Klinikoan katedradun Enrique Etxeburuak Whatsappen erabilera oker batek Internetek baino menpekotasun handiagoa sortzen duela dio. Aztarna digital espontaneoak eta kontrolatzeko zailak direnak uzten dituela. Adibideak ere jartzen ditu, gogoraraziz gero eta ohikoagoa dela bikote bat edo lagun talde bat esku batean garagardoa eta bestean smartphonea hartuta ikustea. Eta hori dela Whatsappen arazo nagusienetako bat: bizitza errealarekiko interesik eza. Adikzioari neurria jartzera ere ausartzen da: gaueko hamarrak eta goizeko ordu biak artean 40 mezu idazten dituenak adikzioa omen du. Eta adikzio horrek bizitzaren joate normala aztoratzen duela, ikasten, lanean edo aisialdian gaudela. Baina adikzioak ba omen ditu beste forma batzuk ere: Whatsapp kontrolerako erabiltzea; mezurik badugun etengabe begiratzea; edota jasotzen diren mezuei berehala erantzutea, bakarrik edo norbaitekin egon eta testuingurua edozein delarik ere. Adikzio hori nola sendatu? Erabiltzeko ordu mugak jartzea gomendatzen du. Eta arazoa oso larria den kasuetan, hilabete bat edo biko abstinentzia. Datu eskasia dago oraindik eremu honetan, baina Etxeburuak %5 eta %9 artean kokatzen du Whatsappen erabilera okerra egiten duten erabiltzaileen kopurua.

Beste ertzean, bere burua tekno-optimistatzat jotzen duen Dolores Reig psikologo, irakasle eta dibulgatzaile kataluniarrak Whatsappen erabileraren onuretan jartzen ditu indarrak. Reigen iritziz, gure zirkulu sozialarekin etengabe konektatuta egoteak lagunkoiagoak, arduratsuagoak eta zintzoagoak bihur gaitzake. Lagunkoiagoak, elkarrizketak modu errazagoan eta jende gehiagorekin izaten ditugulako; arduratsuagoak, kontatu nahi dugunaren eta kontatu nahi ez dugunaren arteko muga agerian uzten digulako; eta zintzoagoak, egunean zehar nondik gabiltzan inoiz baino jende gehiagori esaten diogulako. Etxeburuarentzat kontrola dena, Reig-entzat zintzotasuna da: Etxeburuarentzat «bestea» non eta zertan dagoen etengabe jakin nahi izatea Whatsapp kontrolerako erabiltzea izan daiteke; Reigentzat, «besteari» aukera ematen zaio zintzoa izateko eta non eta zertan dagoen esateko, horrela harremana sendotu daitekeela adieraziz. Biekin ados nago ni.

Baina zergatik erabil daiteke kontrolerako? Zergatik dakigu «besteaz» lehen baino gehiago? Whatsappek, nolabait, berehalakotasuna eta erantzungo diguten sentsazioa transmititzen ditu. Erantzungo digutela, badakigulako mezua jaso dutela. Eta berehalakotasuna, badakigulako noiz konektatu ziren azken aldiz; hau da, badakigulako gure mezua irakurtzeko aukerarik izan duten edo ez. Eta espero dugu erantzun bat eta espero dugu irakurri orduko erantzutea. Horretarako erabiltzen ditu Whatsappek «tik bikoitza» eta azkenengoz Whatsappen noiz sartu garen erakustea. «Tik bikoitzak» besteak gure mezua jaso duela dio (lehenengo tik-ak, gure smartphonetik mezua atera dela). «Tik bikoitzak» ez du mezua irakurri dela adierazten, jaso dela baizik. Baina azken konexioko ordua begiratzen badugu, kalkula edo suposa dezakegu irakurri duen edo ez (nahiz eta beti ez asmatu).

«Tik bikoitza» eta azken konexioa erakustea pribatutasunaren aurkako elementu gisa ulertu izan dira hasieratik. Baina Whatsappek horrekin jarraitzen du eta iPhone bat ez baduzu, ezingo duzu azken konexioa ezkutatu. Zergatik? Zergatik egiten du hori? Whatsapp iritsi arte ez genuen gisakorik ezagutzen. Eta Whatsappen aurretik, ez da mezularitzan kontrol edo adikzio arazoez hitz egin. Nire ustez, azken konexioa erakusteko erabaki horrek aldaketa sozial eta komunikatibo handi bat ekarri du. Whatsappek modu kontzientean behar berriak sortu dizkigu. Nahi adina, modu naturalean eta azkar komunikatzeko aukera eman digu eta erantzunaren beharra eta adi eta zain egotea sortzen ditu. Gure smartphone-ek inoiz baino soinu gehiago ateratzen dute Whatsapp erabiltzen dugunetik. Are, gure smartphoneak isilik jartzera ere iristen gara, kutsadura akustikoa ekiditeko. Mezuen abundantzian bizi gara. Eta nekez egingo du horrek atzera.

Urte gutxiren buruan asimilatu genituen telefono mugikorrak gure bizimoduan. Baita sare sozialak ere. Eta Whatsappek komunikazio moduen aldaketa horietan sakondu du. Gero eta konektatuago gaude, gero eta mezu gehiago jasotzen ditugu eta gero eta gehiago distraitzen gara. Baina gero eta gutxiago entzuten dugu besteen ahotsa, gero eta denbora gutxiago ematen dugu smartphoneari begiratu gabe, eta gero eta denbora gutxiago igarotzen da mezu bat jasotzen dugunetik mezua erantzun arte, testuingurua edozein delarik ere. Hori guztia, are nabarmenago nerabezaroan. Baina gaztetxo zein heldu, horretaz guztiaz kontziente izan eta gure jarrerak neurtzea gomendagarria da.

«Abundantziak pobre egin ninduen», esan zuen Publio Ovidio Nason poetak. Ez dakit egun biziko balitz Whatsapp instalatuko lukeen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo