GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Arduraz eta norabide onean emandako pausoa

Iragan astean langile batek Deskarga mendatean bizia galdu zuen, Beasain eta Durango arteko errepidearen eraikuntzan ari zela. Istripua gertatu eta berehala, Gipuzkoako Aldundiak jazotakoa ikertzeko konpromisoa hartu zuen, ardurak zehazteko bidean. Ikerketa horrek indarrean jarraitzen du, baina atzo Larraitz Ugarte eledunak, Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako departamentuko diputatua ere badenak, Construcciones Aballa enpresari lan horietan zeukan ardura kendu eta proiektutik zokoratuko dutela iragarri zuen. Behin-behineko erabakia da, ikerketaren behin betiko emaitzak oraindik ezagutzeke daudelako, baina aurkitutako «irregulartasunen» aurrean Aldundiak arduraz jokatzen duela esan daiteke. Izan ere, orain arte, eta gehiegitan, enpresen artean nolabaiteko zigorgabetasun giroa nagusitu da, langileei ezarritako lan baldintza eskasek, baita segurtasunaren arloan ere, ez dute haiengan inolako eraginik izan, eta horrela zaila da lan istripuak eragoztea. Enpresak eta enpresaburuak dira lan istripuak gerta ez daitezen baliabideak jarri behar dituztenak, eta halakorik gertatzen ez denean, ezinbestekoa da langileen euren eta sindikatuen erantzuna. Baina hauen guztien gainetik, instituzioak lan eskubideen eta lan baldintza egokien bermeaz arduratu behar dira, eta arlo horretan ere, norabide egokian pausoa eman du Gipuzkoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo