Administrazioen erreformak udalen eskumenei mehatxu egiten die, Amaiurren iritziz
Tokiko Administrazioen Erreformari buruzko eztabaida hilabete barru helduko da Madrilgo Kongresura. Amaiurrek osoko zuzenketa aurkeztu du, lege berriak udalei erabakiak hartzeko eskumenak galaraziko dizkiela eta kalitatezko zerbitzuak kolokan jarriko dituela argudiatuta.
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Hilabeteren buruan helduko da Madrilgo Kongresura, gutxi gorabehera, Tokiko Administrazioen Iraunkortasunari eta Arrazionalizatzeari buruzko Legearen Aurreproiektuaren gaineko eztabaida. Osoko zuzenketak aurkezteko epea urriaren 1ean amaituko da; zuzenketa partzialak, berriz, urriaren 7ra bitartean aurkeztu ahal izango dira.
Gobernu espainolaren asmoari osoko zuzenketa jarri dio Amaiurrek, jakin badakien arren Alderdi Popularrak Madrilgo ganberan duen gehiengoari esker atzera botako duela testua. Donostian, Gipuzkoako hainbat udaletxetako Bilduko zinegotziek lagunduta, Onintza Enbeita diputatuak prentsaurrekoa eskaini zuen, legearen aldaketek izango lituzketen ondorioez ohartarazteko eta osoko zuzenketa aurkezteko arrazoiak azaltzeko.
Madrilek erreforma horren helburua gastu publikoa murriztea dela adierazi izan du. Enbeitak hori gezurra dela esateaz gain, benetako xedea udalen autonomia deuseztatzea dela adierazi zuen, eta hainbat zifra eman zituen hori argudiatzeko. «PPk dio alkateen soldatak kontrolatu nahi dituela, eta zinegotzienak mugatu, baina ahaztu egin zaio, antza, Administrazio Publikoen idazkari nagusiak berak batzordean onartu zuela, hain zuzen, Estatu osoan kudeaketa txarraren ondorioz arazo ekonomikoak dituzten udalak 400 baino gutxiago direla». Zentzu berean, Amaiurrek ez du sinisten Mariano Rajoyren gobernuak iragarritako 7.130 milioi euroak murriztuko liratekeenik.
Aurkeztutako osoko zuzenketan alderdi abertzaleak ohartarazten duenez, erreformaren ondorioz zerbitzuak eta helburuak lantzeko tokiko beste eragileekin elkartzeko gaitasuna galduko da hein batean, eta horrek «mankomunitate, partzuergo, kontzeju eta eragile txikiagoen etorkizuna baldintzatuko du».
Zerbitzuen bikoizketa
Elkarlanaren inguruan, egun, administrazioen arteko lan komunak, Estatuko Administrazio Orokorraz (AGE) harago, zerbitzu zabalagoa eta kalitatezkoa lortzea du xede. «Adibidez, mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza emateko Estatuak gutxieneko zerbitzua bere gain hartzen du eta erkidegoek gainerakoa osatzen dute -dio osoko zuzenketak-; ezin da horregatik ondorioztatu eskumenen bikoiztasuna dagoenik».
Amaiurren ustez, «arriskutsua» da PPk baieztatutakoa, alegia, administrazio bakarrak zerbitzu zehatz bat modu esklusiboan eskaintzea modu partekatuan egitea baino ekonomikoagoa eta eraginkorragoa dela esatea.
Era berean, udaletan bete-betean izango luke eragina erreformak. Eta hor jarri du azpimarra Amaiurrek. «Madril izango da udaletxeetan zer egin erabakitzen duena, zein zerbitzu eskainiko dituen bakoitzak, zein gastu hartuko dituen bere gain eta zein proiektutan inbertitu daitekeen», ohartarazi zuen, «erabakitzeko eskubidea, parte hartzea, demokrazia eta independentzia inon garatu badira udaletan» izan dela erantsita.
Udal txikiak bereziki egoera larrian jarriko dituela salatu zuten atzo Bilduko ordezkariek. «20.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak egoera larrian utziko ditu; are gehiago 5.000 biztanle baino gutxiagokoak. Hau da, ia Araba, Bizkai, Nafarroa eta Gipuzkoako administrazio egitura osoa; izan ere 16 udalerrik baino ez dituzte 20.000 biztanle baino gehiago». Horiei guztiei zerbitzuak eskaintzeko dituzten baliabide ekonomikoak murriztu egingo zaizkie. Bilduren esanetan, Udalek eskumenak galduz gero, herritarrek egunerokoan erabakitzeko eskumena galduko dute.
«Euskal Herriak denbora asko darama bere erakundeak garatzen eta indartzen; Estatu espainolean ikusten ari garena baino demokrazia eta gardentasun handiagoarekin egin dugu, gainera», esan zuen Bilduk.