«Herriko» haragi marka sortu da, tokian hazitakoa bertan kontsumitua izateko
Behi haragiaren ekoizpen sarean lanean ari diren lanbide ezberdinak bildu ditu Uztartu clusterrak marka berria sortzeko. Ipar Euskal Herrian ekoizten den haragiarekin bertako herritarren kontsumoa aseko luke.
Ainize BUTRON | BAIONA
Ipar Euskal Herrian sortzen diren 42.000 behietarik soilik laurdenak gizentzen eta hiltzen dira bertan. Gainerakoan, txahalak Italiara eta Estatu espainolera bidaliak izan ohi dira, eta behi meheak deiturikoak, berriz, Frantziako mendebaldera gizenduak izateko. Alta, urtean ekoizten diren 7.500 tonak nahikoak lirateke bertako herritarren haragi kontsumoa asetzeko. Egiaztapen horiek Euskal Herriko Laborantza Ganberak plazaratu zituen behi haragiaren ekoizpen sareari buruz berriki egindako ikerketari esker.
Egoera horretaz jabeturik, Uztartu clusterrak ekoizpen sare horretan jarduten duten eragile ezberdinak elkartzea erabaki zuen, tokian «sortutako, hazitako eta transformatutako» haragi marka bat sortzeko.
Peio Quihillalt sarea kudeatzen duen administrazio kontseiluko lehendakariak nabarmendu zuenez: «Zirkuitu komertziala menperatua ez zelako ez zen tokiko ekoizpena lekuko kontsumorako baliatua».
Ekonomia dinamizatu
Arcadie Sud-Ouest, Societe bayonnaise des Viandes eta Zuraideko Massonde hiru hiltegiak, eta Lur Berri eta Axuria kooperatibetan, ELB eta FDSEA laborari sindikatuetan eta Euskal Herriko ekoizleen elkartean biltzen diren etxaldeetako ordezkariak elkartu zituen Uztartuk egoera horri aurre egiteko. Eta urtebete eta erdiz aritu dira lanean elkarrekin marka berriaren proiektua gauzatzeko. Izan ere, kontsumitzaileen eskaerari erantzuteaz gain, Herriko haragi markaren sorreraren helburu nagusietariko bat lekuko laborantza garatzea eta ekonomia dinamizatzea izan da. «Proiektuaren bidez lekuko hiltegi, harakin, transformatzaile eta garraiolariei lan eginaraziko diegu. Horrekin, Ipar Euskal Herrian ditugun hiru hiltegiak mantentzen lagunduko dugu», gehitu zuten bultzatzaileek.
Ekoitzitako behi haragia lekuko jatetxeei eta harakinei ere eskainiko diete. Herriko haragi marka izen berarekin sortu berri den Herriko ogi markaren desmartxa berean sartzen da.