PROTESTA EKITALDIA
Euskarazko bikoizketa «egoera larrian» dagoela salatu zuten atzo
Bikoizketa Euskaraz Kolektiboak protesta ekitaldia burutu zuen atzo Zinemaldian Euskal Zinemaren eguna zela-eta. Kolektiboak dioenez, gaur egun Euskal Herriko euskarazko bikoizketa «egoera larrian» dago, «desagertzeko zorian». Hala, protesta Kursaal atarian hasi zuten eta San Telmo museora joan ziren kalejira modukoan. Bikoizketa 90eko hamarkadatik krisian dagoela azaldu zuten: 1992an lehen murrizketak, 1998an murrizketa gehiago, eta 2009tik aurrera, egungo krisi orokorraren ondorioz, lehendik behera egiten ari zen egoera azken arnasetik gertu geratu da. 2008an bikoizten zenaren erdia bikoiztu zen 2012an. 2013an 100 ordu baino gutxiago bikoiztu dira. Bidalitako oharrean azaldu zutenez, «dirudienez, azpidatzi-zaleek filmak, dokumentalak, fikzioa, oro har, jatorrizkoan ikus dezagun nahi dute. Alegia, ez dute nahi euskaraz entzun ditzagun. Nahiz gaur egungo teknikari esker, bertsioa zein hizkuntzatan nahi dugun aukeratzeko modurik badugun: botoi bati sakatu behar zaio, besterik ez».