«Nire gorputza, nire erabakia» bertso-paper lehiaketa abian da Bizkaian
GARA | BILBO
Bizkaiko Medicusmundi elkarteak antolatuta, emakumeek gorputzaren eta sexuaren gainean askatasunez erabakitzeko duten eskubidearen aldarrikapenari buruzko bertso-paper lehiaketa abiatu berri da. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen, Pikara Magazinearen eta Aldundiaren laguntza ere jaso duen lehiaketan parte hartzeko educa.bizkaia@medicusmundi.es helbidera bidali beharko dira bertsoak azaroaren 15a baino lehen, eta lanen ardatzak nahi gabeko haurdunaldiak, sexu-transmisioko infekzioak, abortu arriskutsuak, genero-indarkeria edota orientazio sexualagatiko bereizkeria izango dira. «Beldur barik» emakumeen kontrako indarkeriari buruzko lehiaketa orokorreko ataletako bat da aipaturiko bertso-paper txapelketa, bereziki bizkaitarrentzat antolatua. Hartara, bertan parte hartzen dutenek, zuzenean parte hartuko dute «Beldur barik» delako lehiaketa orokorrean. Sari banaketa abenduaren 5ean izango da, Bilboko Hika Ateneoan egingo duten bertso saioan.