61 DONOSTIA ZINEMALDIA
«`Amaren eskuak' nobela atlas emozional bat iruditzen zait, hori izan da nire gida»
«Amaren eskuak» filmeko protagonista
Ainara Gurrutxagak (Errenteria, 1977) kazetaritza ikasi zuen eta antzerkian aritu izan da beti, aktore zein zuzendari laguntzaile lanetan. Dejabu panpin laborategia konpainiako kidea da eta, lehenengoz, pantaila handira jauzi egin du, Mireia Gabilondok zuzendu duen «Amaren eskuak» filmeko protagonista gisa. Atzo estreinatu zen Zinemaldiko Zinemira sailean.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Karmele Jaiok 2006an argitaratu zuen «Amaren eskuak» (Elkar) nobela. Erantzun zabala jaso zuen, hamar edizio baditu jada eta gaztelaniara eta alemanera ere itzulita dago. 37 urte inguruko emakume bat du protagonista, Nerea, kazetaria da eta bere senar britainiarrarekin eta alabarekin bizi da. Dei bat jasoko du ospitaletik, bere ama ingresatuta dago, itxura guztien arabera alzheimerrak okerrera eginda. Gertakari honek eta beste hainbatek hankaz gora jarriko dute Nerearen eguneroko bizimodua.
Istorioa pantaila handira eraman du Mireia Gabilondok eta zineman bere lehenengo aldia duen Ainara Gurrutxagak bete du Nerearen papera. «Pelikulak, nobelak bezala, uste dut hitz egiten duela ama-alaben arteko harremanari buruz, belaunaldien arteko komunikazio falta horri buruz, nola askotan gure amek ere, guk bezala, sekretuak eduki ditzaketen, bizipen pertsonalak, ama bat ez dela ama bakarrik, emakume bat dela eta zuri bezala hainbat gauza gerta dakizkiokeela», azaldu zuen atzo Gurrutxagak estreinaldiaren aurretik.
Zure lehenengo aldia da zineman. Zer moduzko esperientzia?
Kuriosoa, ezohikoa, nire bizitza errutinatik guztiz ezberdina izan da. Hasieran zalantza asko eduki nituen, ez nekien benetan gai izango nintzen. Gainera protagonista bati aurre egitea erronka handia zen. Behin beldurra gaindituta, buru-belarri sartu nintzen lanean eta azkenean aktore lagun askok aholku pila eman zizkidaten, Mireiak pila bat lagundu zidan, eta esperientzia intentsua, oso intentsua izan da. Nik, ez dakit zergatik, sekula ez dut interesik izan ez zinema egiteko, ez telebista. Aktoreetan ezohikoa da hori, beti komeni izaten da arlo ezberdinetan saiatzea. Nik oso garbi eduki dut betidanik antzerkia egin nahi nuela eta horregatik antzerki konpainia bat sortu genuen, Dejabu panpin laborategia.
Mireia Gabilondorekin egin zenuen lanik aurretik?
Ez, bere lana ezagutzen nuen eta badakit gure antzerki lanak ikusi izan dituela, baina elkarrekin ez dugu sekula lanik egin. Nik bere konpainian lan egin nuen, Ttanttakan, zuzendari laguntzaile bezala, baina Fernando Bernues zen zuzendari. Gertutik bai, baina lan zuzenean ez.
Eta zerk bultzatu zintuen baiezkoa ematera?
Ai ama, jakingo bazenu zenbat buelta eman nituen... Pentsatzen dut senak. Badut tendentzia arraro bat, ezezagunera jotzeko. Beldur asko nituen, argazkiak ateratzea bera ere inkomodoa egiten zait, kamerekin ez daukat harreman ona... Baina kuriositateak gainditu egiten nau. Erronka pertsonal bezala hartu nuen.
Ez da paper txiki bat izan, protagonista ia omnipresente bezala egin duzu estreina.
Gauza horiek ere ez dituzu zuk aukeratzen. Aukeratu banu, ziur aski lehenengo figurazio bat egingo nuke, gero paper txiki bat... Baina kanpotik etortzen zaizunez proposamena, baiezkoa ematen duzu ondorio guztiekin.
Zer kostatu zaizu gehien?
Gauza asko. Zineman pertsonaia deskonposatzen da guztiz, eta dena hankaz-aurrera grabatzen da. Lehenengo egunean pelikulan bukaeran doan eszena grabatzen duzu, bigarren egunean erdian doana... Kaos ikaragarria da. Aktorearentzat koherentzia bat mantentzea da zailena. Nik etxean pareta batean paper pila bat pegatu nituen errodajean geundenean, mapa emozional hori garbi edukitzeko.
Zenbateraino du pertsonaia honek zuretik?
Nik uste dut pertsonaia guztiak nire baitan sentitzen ditudala. Denak ni naiz eta ez naiz bat bera ere. Gauza arraroa da, baina niretik asko dute eta nire imajinaziotik beste portzentaje handi bat. Pertsonaia nola irudikatzen dudan nire irudimenean.
Karmele Jaiorekin izan duzu harremanik pertsonaia lantzeko?
Pertsonaia lantzeko ez. Mireiak badakit Karmelerekin lan egin duela gidoiko hainbat gauza egokitzeko. Nik gutxiago, baina uste dut Karmelek liburuarekin eman zuela gehiena. Liburua bera iruditzen zait atlas emozional bat dela. Hor deskribatzen ditu pertsonaiaren emozioak, zer sentitzen duen, erreakzioak zergatik dituen, dena hain fin deskribatzen du... Ni eta Karmeleren arteko harremana liburutik pasatzen da. Gero noski izan dugula aukera elkarrekin egoteko, baina pertsonaiari dagokionez, nobela izan zen niretzat gida garrantzitsuena.
Nobelak arrakasta handia izan du. Ardura handiagoa zuretzat?
Pentsatzen duzu zenbat jendek irakurri duen eta hori du literaturak zoragarria, norberak bere buruan irudikatzen duela pertsonaia. Zuk zure aurpegia daukazu, batzuk pentsatuko dute ez zutela sekula horrela imajinatuko eta beste batzuk bai... Jakin behar dena da baita ere zuk zure ikuspegia ematen pertsonaiarekiko.
Aktore izateaz gain, aipatu duzu konpainia propioa daukazula. Nola ikusten duzu bizi dugun egoera, krisia...?
Konplikatua da erantzuna. Krisi egoerak denoi eragiten digu brutalki. Kontua da gu antzerkian larritasunean hezi garela eta ez dugu inoiz ezagutu ongi joan zaigun momenturik. Oso ohituta gaude ezerezetik ateratzera beti. Oraindik ez ditugu lan baldintza minimo duinak, edonork eska ditzakeenak lortu. Oso kondizio prekarioa da, baina prekarietate horretan oso harro gaude, gauza oso gutxirekin asko egiten ari gara. Krisi ideologikoa ikusten dut, nora goaz, zer nahi dugu egin gure kulturarekin, gure herriarekin, gure hizkuntzarekin, gure ametsekin... Krisi hori guztia gehiago da ekonomikoa baino. Baina ohartzen naiz jendeak zenbat gauza egiten dituen eta horrek indarra ematen dit eta alde horretatik, momentu positiboa iruditzen zait. Jendea mugitzen ari da eta gogoak pizten ari zaizkio bere kabuz gauzak egiteko. Dikotomia hori bizi dut.
Zinemara bueltatzeko asmorik, gogorik?
Ez dakit. Garbi daukat nire etxea eta nire pasioa antzerkia dela. Jendearekin sortzen den komunikazio hori, erritual sozial, emozional hori... niretzat sakratua da, antzerkiarekin maiteminduta nago. Zinema, beste esperientzia bat da, eta eskaintzen badizute zerbait, eskuzabal hartzen duzu. Baina oraingoz, honekin nahikoa.
Zertan dabil orain Dejabu?
«Errautsak» antzezlana bezala, hiru konpainien artean (Dejabu, Le petit theatre de Pain eta Artedrama) «Hamlet» obra sortu dugu. Estreinatuko dugu azaroaren 1ean, Luhuson. Azaroan zehar emanaldi pila bat ditugu. Eta bestalde, Dejabu-rekin gure «Gizona ez da txoria» antzezlanean oinarritutako nobela grafiko bat aterako dugu, Maite Gurrutxaga ilustratzaileak egin duena.
«Lan talde handia osatu behar dugu. Badakizue, ni hemen nago, baina nik bakarrik ezin dut ezer egin. Zuena ere bada aitortza edo sari hau», esan zuen atzo iluntzean Victoria Eugenia antzokian Juanba Berasategi marrazkigile eta ekoizleak Euskal Zinemaren galan Zinemira Saria jasotzean. Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA ekoizleen elkarteek euskal zinemagintzako pertsona ospetsu baten ibilbidea saritzeko burutzen den gala honetan «Amaren eskuak» filma estreinatu zen. «Guretzat egun gazi-gozoa da. Gurea da aurtengo fikzioko film luze bakarra eta ez da kasualitatea. Laguntzak esaten denean inbertsioak esan beharko litzateke, liburu, pelikula edo obra bakoitzaren atzean milaka pertsonei lan ematen dien industria dagoelako», esan zuen Eduardo Barinaga Baleukoko ekoizleak. Mireia Gabilondo zuzendariak, beste alde batetik, ama guztiei eskaini zien «Amaren eskuak» filma, «barruko bizitza bakarti hori beraiek ere izan dutelako», eta «gutaz erditu direlako», gehitu zuen zuzendariak. A.A.