GARA > Idatzia > Euskal Herria

Botiken berrordainketa kentzeko eskatu dute Lakuako eta Nafarroako gobernuek

Lakuako eta Nafarroako gobernuek gaixoei ospitaletan 43 sendagairen zati bat kobratzeko neurria berraztertzeko eskatu diote Madrili. Bertan behera utzi ezean, neurri alternatiboak aipatu ditu UPNk, eta EAJk auzitara joko du, neurria «justifikaziorik gabea» eta «bidegabea» delako.

GARA | BILBO

Jon Darpon Lakuako Osasun sailburuak ospitaleratuta ez dauden gaixoei bertan ematen zaizkien sendagaien berrordainketa ezartzearen kontra azaldu zen atzo, eta Ana Mato Osasun ministroari neurria ez ezartzeko eskatu diola jakinarazi zuen.

Darponek azaldu zuenez, neurria «justifikaziorik gabea» eta «bidegabea» izateaz gain, Gasteizko Gobernuaren eskumenen kontrakoa ere bada. «Estatutuan jasota dagoen barneko osasunaren kudeaketa arloko eskumenetan esku hartzea dakar berriz ere, eta ez dugu hori baimendu behar», argudiatu zuen Darponek. Neurria publikatutakoan, gora jotzeko errekurtsoa iragarri zuen.

Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak Lakua plantak egiten ari dela eta berrordainketa ezarriko duela esan zuen atzo.

4.000 kaltetu EAEn

Gasteizko Gobernuak azaldu zuenez, Madrilen asmoak 43 sendagaitan ezarriko du zati bat ordaintzeko derrigortasuna, eta EAEko 4.000 gaixo kaltetuko ditu; besteak beste, hepatitis kronikoa, erreuma-artritisa, psoriasia edota asma larria dutenak, bai eta onkologia arlokoak ere.

Era berean, Nafarroako Gobernuak neurriarekiko ezadostasuna agertu zuen atzo, eta Rajoyren Exekutiboari erabakia «berraztertzeko» eskatu diola zabaldu zuen. Juan Luis Sanchez de Muniain bozeramaileak esandakoaren arabera, Madrilek ezarri duen neurriak ez ditu beteko aipatzen dituen helburuak: ez duelako dirua bilduko aurrezteko, ezta botiken gehiegizko erabilera ekidingo.

Esan zuenez, «derrigorrez bete» behar da Madrilek erabakitakoa, baina neurri alternatiboen aukera aipatu zuen «etorkinekiko arretarekin edota aparteko ordainsariekin egin bezala».

EH BILdu

«Euskal herritar guztiak berrordainketa guztietatik libratzeko», oposizio sendoa egiteko eskatu du EH Bilduk, eta bide horretan elkarlanean aritzeko prest dagoela azaldu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo